Aspaldian entzun nuen elkarrizketa hau:
—Zer moduz dago pelikula hau?
—Entretenigarria da…
—Beraz, ez da oso gomendagarria, ezta?
—Tira, ni zinemara entretenitzera joaten naiz…
Ni ere asmo horrekin joaten naiz. Batzuetan suerteak lagunduta, beste batzuetan ez horrenbeste… Lehengoan, pretentsio handirik gabe, The Da Vinci Code (Ron Howard, 2006) ikustera joan nintzen. Liburua ez dut irakurri, beraz, aukera guztiei irekita eseri nintzen. Cannesen bota zizkioten harrien hotsak oraindik belarrietan nituen, aspergarria zela eta funtsa historikorik ez zuela batez ere… Baina gehienbat, aspergarria zela.
Eta ez zitzaidan horrenbesterako iruditu. Aspergarria, esan nahi dut.
Bi ordu eta erdi primeran bete zizkidan. Igandeko bazkalostea igarotzeko aproposa. Ez naiz historialaria eta ez dakit noraino heltzen diren asmakizunak, daten tranpak edota inkoherentziak. Egia da gidoia ez dela batere borobila, amarruz beteta dagoela, eta aktoreek ez dutela onena ematen. Baina ez dut uste pretentsio handiko lana denik.
Zergatik, orduan, sortu da sortu den zalaparta?
Eliza Katolikoa lasai asko agertu da filmak inolako kalterik eginen ez diola esatera. Aldi berean, dozenaka liburu eta dokumental argitaratu dira The Da Vinci Coderen hutsuneak eta akatsak salatzeko… Bitxia iruditzen zait, zeren eta Dan Brown idazleak askotan esan zuen bere liburua lizentziaz beteta zegoela eta ez zegoela zertan egiatzat hartu. Berak haren balio historikoa hutsaren pareko zela onartzen bazuen, zergatik horren beste iskanbila?
Bestalde, ehunaka pelikula egin izan dira akats eta asmakizun historikoz beteta eta ez ditu inork bazterrak horrela nahasi, batez ere haien asmoa historia fidelki azaltzea zela kontuan hartzen badugu: Night and Day (Michael Curtiz, 1946), Cleopatra (Joseph Leo Mankiewicz, 1963), Pharaoh (Jerzy Kawalerowicz, 1966), Titanic (James Cameron, 1997), Gladiator (Ridley Scott, 2000), Alexander (Oliver Stone, 2004), Kingdom of Heaven (Ridley Scott, 2005), The passion of the Christ (Mel Gibson, 2004) –Vatikanon horren harrera ona izan zuen lana–. Gerra eta propagandako tituluak ez aipatzeagatik. Zerrenda luzea da. Amaigabea. Eta ez dut uste holakoetan denbora galtzea merezi duenik.
Argi dago historia moldatua izan daitekeela (izan dela) gehienetan istorioaren mesederako. Demagun zilegizkoa dela lizentzia artistiko edo dramatiko bezala. The Da Vinci Coderen kasuan eskandalua eta larritasuna zalantzari irekitzen dizkion ateengatik datoz, zalantza izpirik gabe. Hainbat gaik, nahiz eta historikoki zuzenak ez izan, daten eta lotura historiko geografiko guztien gainetik, galdera arriskutsuak planteatzen dituzte. Zer gertatuko litzateke pelikulan planteatzen dena gertatu izan balitz? Ez era berean, baina antzeko zerbait? Zergatik da deserosoa fikzio bat, fikziotzat hartzen bada eta fikzioa bada?
Nonbait, fede gutxi du Eliza Katolikoak ikuslegoarengan. Eta ez dakit zergatik. Sinesgabeek berdin jarraituko dute. Eta sinestunek, beren fedea sendoa bada, sinesten jarraitu beharko lukete. Non dago arriskua?
Portzierto, lehen esan dudan bezala, The Da Vinci Code ongi dago igande arratsalde batean ikusteko, eta ez ezazu gehiago espero. Beraz, itxaron lasai asko telebistan eman arte.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau. Aspaldi. Konturatu ez bazara, imajinatuko zenuen.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina