2011/11/16

Iraultza piluletan

«Burgesentzako pelikula burgesa da. Ez dugu ikusleekin elkarrizketa iraultzailerik. Iraultza iraultza eginez egiten da, ez pelikulak eginez». Marco Ferrerik esan zuen Dillinger é morto bere lanari buruz ari zela. Bere filmografiako pelikulen artean zirikatzaileenetariko bat eta Cannesko Urrezko Palma irabazteko izendapena ekarri ziona, 1969an.

Iraultza… uuuuuh…! Iraultza gorriaren garaiko berezko tituluak alboan utzita (Eisenstein eta bere koadrila… nasdrovia, tovarischi!), oraindik gaur, noizean behin, ikuslearen aurpegian ustezko zaplaztekoa emateko egiten diren filmak agertzen zaizkigu, bizitzari beste era batez ekiteko eta bere egoera letargikotik esnatzeko (berriz ere ustez, ez pentsa) balio izango diotenak.



1999an David Fincherren Fight Club izan genuen, non sistema goitik behera lehertzea planteatzen zen, berriz ere 0 puntura itzultzeko, mundu ororen onerako eta kapitalismoaren diktadurarekin amaitzeko. Hari buruz denetarik esan zuten bere momentuan: faxista zela, anarkista, ezker muturrekoa, komunista




Urte berean, Wachowski anaiek mundua txunditu zuten Matrix zoragarriarekin –trilogiaren lehenengoaz ari naiz. Bigarrenean loak hartu ninduen eta oraindik ez dut indarrik izan hirugarrena ikusteko–. Hura ikusita, jende ugarik esan zuen Matrixen filosofiak bizia eta mundua ikusteko modua aldatu ziola (nik ez dut ulertzen, baina testigantza horiek hor daude).

Eta ideia iraultzaile haiek zabaltzen zituzten pelikula haietatik geratu den gauza bakarra publizitatean eta efektu berezietan nabari daiteke. A ze garaipen soziala: Lorpen iraultzaileekin kapital basatiaren kontsumo tresneria koipeztatzea!

Ez da, bestalde, harritzeko modukoa. Sinesgarria, logikoa eta normala da produkzio-etxe handiak trapezioan ibiltzea sarerik gabe, politikoki zuzena ez den karpa baten azpian? Agian bai, baina soilik etekin ekonomikoak ustezko (berriz ere ustezko) belarrondoko intelektuala orekatzeko gauza direnean.


Horrengatik guztiagatik, nire zalantzak ditut V for Vendetta pelikulak ikusle arruntarengan eta batez ere bere pentsaeran izan dezakeen eragina neurtzerakoan. Ez dut pelikula ona denik ukatzen. Izugarri gustatu zitzaidan. Bizia da, erritmoa dauka eta elkarrizketak goxoki eta biziki hipnotikoak dira –hori balorazio gehiagotan sartu gabe, zeren eta ordu hauetan Nabarraren irakurleak ikusia izango du, zer komeni zaion badakielako–. Eta jatorrizko komikiaren moldaketa ere ez dago batere gaizki, baina protagonistaren lanbidea saihestea (prostituta zen Alan Moore-ren komikian) bezalako hainbat detaile ez dira oso iraultzaileak. Parlamentu britainiarra leherrarazi daiteke, baina badirudi oraindik ere kontuz ibili behar dela sexu kontuekin. Bestalde, apaiz pederastekiko keinuak agertzen dira. Ez dut ulertzen. Gaiztoen taldean daudelako ote?

Hala eta guztiz ere, mendebaldeko demokrazien hainbat dogma zalantzan jartzeko ausardia ezin zaio ukatu (ez da gutxi). Baina zutabe pisu eta ilun horiek ez dira ostikada batekin eroriko. Mezu hauen zabaltzeak jarraipenik ez duen bitartean, Anaia Nagusiak metadona iraultzaile hau emango digu –beti noizbehinka eta dosi txikitan– gure ametsetan eta bidezko mundu batengan sinesten jarrai dezagun. Bush eta Blairrek haserrearen eta urduritasunaren itxurak egiten dituzte, baina, Ferrerirekin bat (hasierako zita ahaztu duzu? Horren azkar?), badakite hau dena ahuntzaren gauerdiko eztula dela.

Banoa Corte Inglesera, Che-ren kamiseta bat erostera
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code