2011/11/23

Komentatzeagatik


Zinea gustatzen zaigu. Zuri, irakurle, gutxieneko zaletasun hori suposatzen dizut orrialde honetan parada egin duzulako. Niri, ba, tira… gustatzen ez zaidan zerbaiti buruz paperak zikintzea eta nire denbora preziatua galtzea… Zinea gustatzen zaigu. Bioi. Eta seguruenik teatroa eginez negarretan aritu gara noiz edo noiz aretoaren xarmaz, pantailaren magiaz eta folklore horri guztiari buruz.

Baina egia da, halaber, biok orduak ematen ditugula etxeko sofan oinutsik, lasai asko erretzen eta, horregatik, pelikulaz gutxiago gozatu gabe. Telebistarekin konformatu izan gara, bideoarekin gure filiaren burujabetza zer zen ezagutu genuen eta orain DVDarekin unibertso berri bat zabaldu zaigu.

Zalea baino gehiago bazara, ziur friki xamarra ere bazarela. Ez dut esan nahi friki-gerriko-beltza-seigarren-dan, baina puntturen bat izango duzu. Eta dibidi bakoitzeko extra guztiak zurrupatuko dituzu goitik behera, nahiz eta gehienetan haien ekarpena kaxkarra baino kaxkarragoa izan (elkarrekin lanean aritu diren batzuk besteei laudorio aspergarriak botatzen ikusteak morborik ematen ez badizu behintzat). Hala ere, agertzen dira noizean behin zaborraren artean interesgarriak izan daitezkeen harribitxi batzuk. Horien artean, niretzat preziatuenak (eta hala ere jakin-mina gutxitan asetzen dutenak) audiokomentarioak dira.

Bertan, pelikularekin zerikusi zuzena duen norbaitek (normalean zuzendariak, askotan aktoreek edota produktoreak, batzuetan gidoilariak…) pelikula ikusten dugun bitartean eszenak komentatzen dizkigu, eta datu interesgarriak eta –gehienetan, tamalez– baliorik gabeko informazioa ematen. Hala ere, zinefagook halako zaborrak irensten ditugu, gure gosea ase nahian. Plater horiek mimorik gabe eginak daudelakoan, ordea, hainbat boluntario haien proposamenak zabaltzen hasi dira, sarearen bitartez menu alternatiboak eskaintzen. Eta agerian geratzen ari da zaleek gogo handiagoa jartzen dutela gustuko duten pelikula bat komentatzean kontratuagatik egitera behartuta dagoen norbaitek baino.

Egileek ez duten objektibotasunaz egindako ekarpen horiek askoz ere mamitsuagoak dira. Publiko handiari begira eginiko adierazpen hutsal horiek erraz asko gainditzen ditu bera bezalako frikientzat ari den beste friki batek, azken finean kode berdinak maneiatzen dituelako, eta interesak antzekoak direlako. Laudorioak botatzeko garaian, baina baita gupidarik gabe akatsak nabarmentzeko orduan ere. Exijentziak gidatutako bidaia honetan ez dago txalo merkeetarako tarterik.

Sistema oso oinarrizkoa baina eraginkorra da. Hainbat webgunetan lor daitezkeen audio artxiboak eskuratu eta dibidiarekin batera entzun. Pena da ni bezalako ikasgabeentzat –nahiz eta dibidi idazteko gai izan, ezin izango nuke ahoskatu– material horiek oraindik bakarrik ingelesez egotea. Gurean halakoak sortzea, beharrezkoa ez bada ere, bitxia litzateke. Estetikaren etikaren izenean bada ere.

Azkenik, holakoak egitera edonor animatzen bada, eman dezala honen berri. Inoiz nire alferkeria gainditzen badut eta nire autoestima pretentsio duin bihurtzen bada, ni ere saiatuko naiz halakoak egiten. Demagun zin egiten dudala. Komentatzeagatik, besterik ez.
 

Hona hemen helbide batzuk aipatutako guztiari buelta pare bat emateko:
Oharra: Robert Rodriguezek El mariachi oso era didaktikoan komentatzen du.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau, duela gehiegi –bistan denez–.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

2 iruzkin:

  1. Ba oso interesgarria. Ez nekien mundutxo honen berri... Gogoan dut Jackass bat asko gozatu nuela komentarioekin, hobea zen hala. Gehiago jakin guran, Hurricane webgunea kadukate dela esaten dit estekak, eta Filmpigs es dabilkit...

    Bestalde, zure NC testu hau kopiatu daiteke Sustatura zure baimenarekin eta atribuzio eta esteka egokiarekin? baimena eskatzen dizut ze Sustatu ez da estriktuki non-commercial, publizitatea baitauka.

    ErantzunEzabatu
  2. Estimatua, zure iruzkina.
    Loturei buruz, Hurricane-ren komentarioetara joan daiteke soilik. Nonbait mugitu edo ia desageratarazi egin baitute. Filmpigsena arazorik gabe ikusten dut nik.

    Sustatura lotzeko nire bedeinkapena ere baduzu. Eskerrik asko horrelako aprezioagatik!

    ErantzunEzabatu

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code