Zerurik ala infernurik baden ez dakit, baina ez nau horrek momentu honetan gehiegi kezkatzen. Egia esan, orain, arratsaldeko seietan, batzuentzat zerua dena niretzat infernuko su kiskalgarria da. Urduri jartzen nauena, ordea, zerua eta infernua aipatzean egiten den beste komentario bat da. Goikoa toki aspergarria delakoan, sotokoa aipatu ohi da gustuko azken hotela gisa. Bertan biltzen omen dira-eta historian izan diren pertsonaia interesgarrienak. Gaixtoak izan direnak askoz ere jatorragoak dira. Jakina.
Nork nahi du, baina, putakumetzar bat bere alboan? Nork ez du bere gogoan minik hartzen, ondokoak zikinkeria bat egiten badio? Nondik dator, orduan, gaizkiarekiko erakargarritasun hori? Gaizki ulertutako errebeldetasun batetik? Bizitzan ezagutzen ditugun klase zintzoen eskuetan uzten dugu ona eta txarra zer den erabakitzeko ahalmena?
Nork nahi du, baina, putakumetzar bat bere alboan? Nork ez du bere gogoan minik hartzen, ondokoak zikinkeria bat egiten badio? Nondik dator, orduan, gaizkiarekiko erakargarritasun hori? Gaizki ulertutako errebeldetasun batetik? Bizitzan ezagutzen ditugun klase zintzoen eskuetan uzten dugu ona eta txarra zer den erabakitzeko ahalmena?
Ongiaren eta gaizkiaren arteko norgehiagoka ez da gaurkoa. Izan ere, behin irakasle batek esan zidan munduan izan diren istorio guztiak, sinpleki, bi multzotan bana daitezkeela: amodiozko istorioak alde batetik, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko lehia bestetik. Baina bakoitza alde batean dago, edota biek espazio eta denbora bera bete ahal dute?
R.L. Stevensonek gai horri ekin zion, The strange case of Dr. Jekyll and Mr. Hyde eleberrian; izugarrizko arrakasta lortu zuen, eta, antzerkirako egokipenez gain, zinemarako ere ugari egin dira. Batzuk fidelagoak, beste batzuk libreagoak, eta emaitza desberdinekoak. Hala ere, gehienak beldurrezko filmen barruan koka daitezke, bilatzen duten efektua hori delako nagusiki.
Bada, hala ere, jatorrizko obraren izpirituari fidela zaion pelikula bat, nahiz eta oso libreki ekin formei eta tonuari. Jerry Lewisek 1963an zuzendutako The nutty professor izeneko filma komedia baino askoz ere gehiago da –tamalez, zama horri eutsi beharko dio betiko–, eta Hitchcockek erakutsi zuen moduan, gaiztoa askoz ere gertuagokoa egiten du, fantasiazko munduetan gehiegi bilatu gabe. Julius Kelp doktorea ez da izaki desitxuratua bihurtuko, Buddy Love diskotekako makarra baizik. Guztiek miretsiko duten pertsonaia zakarra, lotsagabea eta harroputza.
Aldi berean, protagonistaren motibazioei erabateko buelta ematen die, borondatearen kontzeptua sartuz. Jekyll / Julius Kelp ez da berak sortutako drogaren menpe eroriko, beste bertsio gehienetan bezala, baizik eta bere borondateak bultzatuta eragingo du bere izaeraren aldaketa. Jakin badaki Hyde / Buddy Love ez dela zintzoa, baina horren gaizki jokatzeak dakarkion arrakasta soziala nahikoa arrazoi da atzera ez egiteko.
Horrela, Kelp ez da bere drogaren biktima hutsa, azken erabakia bere eskuetan duelako. Buddy Love bezain errudun da, berak deliberatzen baitu noiz askatu bere baitan bizi den piztia, betiere bere probetxurako den helburu argi batekin.
Gaizkiak sortzen duen eragina, bai Julius Kelp doktorearengan, bai haren inguruko jende guztiarengan, da filma ehuntzen duen benetako hari beltza, eta estetikari eta arrakastari ematen zaion neurrigabeko garrantzia, bere labankada zorrotzen xedea. Horretarako umoreaz baliatzen da Lewis, batzuetan beste batzuetan baino inspirazio handiagoz, egia da, baina beti bere nahia jasota utziz, kasualitaterako tokirik ez dagoela adieraziz.
Horrela ulertu zuten Jean-Luc Godard eta François Truffaut frantziarrek ere, Lewisen lana aldarrikatu zutenean eta zinema familiarraren (zentzurik txarrenean esanda) itzaletatik atera zutenean. Arrazoia zuten ala ez, hori bakoitzak erabaki beharko du.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina