2011/12/21

Hil artio, bizi(o)


Abuztuaren erdialdean ari naiz, baina zeru ilun honekin ez dirudi abuztua. Eguraldiaren partea alde batera utzita, edo eguraldiak berak gonbidatuta, zinera joateko erabakia hartu dut. Zinera joan nahi nuen baina? Ala aukera hoberik ezean erabaki dut? Zaletasuna, beharra, bizioa da…? ala partxea, betegarri, denbora-pasa…? Zergatik joaten da jendea zinera?

Gasteizen lehenago eta Bilbon azken honetan, Mikeldi aretoetan betirako itzali dute argia. Ez pelikulari hasiera emateko. Hau pena, aizu. Dirudienez, Metroren lehoiaren orroa baino indartsuagoa izan da ikusleen aharrausia. Hau pena. Hori bai, kulturarentzat berriro ere kristoren zaplaztekoa izan da. Omen. Tira, aleluia ez da, baina ez dugu horrengatik dramarik egingo. Are gutxiago epaimahaiak epaia eman eta heriotza zigorra sinatu ondoren negar egiteko inolako eskubiderik ez duela pentsatzen badugu.

Guztiok gara neurri batean errudun. Noiz izan da zinera joan ginen azken aldia? Hori ba.

Hala ere, kristoren zaletasuna dago gurean. Ez dago hori zalantzan jartzerik Donostiara begiratzen badugu. Datozen egun hauetan begiratzen badugu behintzat. Urte osoko gainontzeko datuek ez dute balio. Ez dugu ezer arrarorik erre eta… Gainera, jakin badakigu urteko eskaintza kaxkarra baino kaxkarragoa dela eta hori guztia… Badakigu, halaber, gure baitan errurako tokirik ez dagoela, erantzukizuna eta erantzuna kanpoan daudela beti. Azken hitza ez da inoiz gurea izan, maila guztietan zapaldurik gaudelako. Multisalen eta Hollywoodeko txurrotegien errua dela. Ikusleak tontotuta daudela, eta krispeta-jale masari ezin zaiola inoiz jaramonik egin. Zer daki publiko subiranoak? Elitean egoteagatik nahi duguna esateko dugun baimen patetikoa erabiliz esan dezakegu hori dena gorritu gabe. Hara hor ikusle garen aldetiko gure harakiriaren zergatia. Nola gustatzen zaigun dramaren ponpa! Nahiago hil arruntasunarekin bat egin baino lehen. Antes muerta que sencilla? Teloia eta txaloak.


Urtean zehar hilda egoten diren zonbi horiek Zinemaldian beren hilobietatik ateratzen dira zineko iluntasunak babestuta. Botere indartsu batek bultzatuta zine aretoetara edota Kursaaleko hilkutxetara –Mikeldiena ohitura bihurtzen bada, laster frontoietara– joaten dira mantso-mantso eta zaratarik egin gabe. Ia nahi gabe. Borondatea alde batera utzita eta betiere komertzialtasunetik at daudela jakinik. Irizpidea etiketa glamuroso baten truke hipotekatu eta ematen dietena irensteko prest. Ikuspegi irekia izan zitekeenak «ni ere han egon nintzen» esateko balio duenean, malo.

Baina adi egon eta haiengandik babestu zaitez… Zonbiaren hozkak zonbi bihurtuko zaitu eta. Eta konturatu orduko zuk ere urte osoa emango duzu lurpean, hurrengo Zinemaldiarekin hortzak zorroztuta berriz atera arte. Zu ere esnobismoarentzat biktimen bila ibil zaitezke datorren urtean.

Urte osoa balizko txuletoiaren eta ozpinduta egon daitekeen erreserbako ardoaren zain, tortilla pintxo batekin eta txikito xume batekin gozatu gabe. Zuk ikusi. Nik Anitaren maximari jarraituko diot: Hil artio, bizio.



PD: Portzierto, purrustada edo boutade (oi! boutade esan du!) hau bukatu eta zinera joan nintzen, Pirates of the Caribbean: Dead Man’s Chest ikustera. Eta bufanda zuririk eta pastako betaurrekorik jantzi gabe primeran pasa nuen!


Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code