Mikel Taberna
Nafarkariaren iragarritako heriotzaren berriarekin iratzarri nintzen oporretako lehenbiziko goizean: gero etorriko zen eguraldi nahasi eta zenbait tokitan tristearen aitzin-seinalea. Haizea dator iparraldetik, hego berotik ekaitza. Oporretan, bai. Barkazioak erraten diegu gure alde hartan. Barkazioaren partez, kastigu sobera, ordea.
Gure alde hartan nengoen, hain zuzen ere: Bidasoa mantso batek, uda partean, ttur-ttur-ttur, bere burua joatera uzten duen bidearen ezker-eskuinetan. Hangoa izaki, eta han sentitzen gustura. Liburu potolo batean izkiriaturik aurkitu nuen behar nuen poema, Alberto Caeiro baten lumaren lana: O Tejo nâo é mais belo que o rio (Bidasoa jartzen ahal zuen) que corre pela minha aldeia / porque o Tejo nâo é o rio que corre pela minha aldeia. Orduan oroitu nintzen sentimendu bera adierazi zidala Xabik, Ameskoako artzain adiskideak, gure berde guziak lehenbiziko aldiz ikusi zituenean: zuen paraje hok hagitz ederrak dituk. Ezin ukatu. Baina nik, gureak maiteago!