Xamar
Zapaldu orok askatasuna amets. Ez dakit erranera zaharra den baina merezi zuen. Orain lehen bezala eta, tamalez, gerokoan ere, arrazoi bat edo bertze dela medio, zernahi tokitan delarik, giza duintasunez ezin bizi den jendeak egoera hobea, aske eta osoa, du desiratzen eta amesten. Egiaren errateko, munduaren historiak ez du sobera eskuzabaltasunik izan holakoetan, alta batzuetan ustekabeak izkutatzen ditu.
Holakoa da XIX. mendean Estatu Batuetan –lehen EEBB, orain AEB, gero jakinen nola (adi egon hurrengo istilu liburuei)– gertatu zen istorio bat. Esklabutza bizirik zen oraindik eta txuri batzuk kezkaturik zeuden egoeraz, aski merkataritza okaztagarria baitzen, bereziki printzipio etiko-erlijiosoekin uztartzeko. Horrela bada,
American colonization society elkarteak askatzen ziren beltzei egindako kaltea ordaindu nahi omen zien; holako zerbait bazen ere, jende beltza gainetik kendu nahi zutelako asmoa ere bazen. Horretarako plan bat burutu zuten, ezinago logikoa zena: beltzak Afrikatik ekarrarazi ditugu, beraz, itzul ditzagun beren etxera, Afrikara. Bertan, mendebaldeko kostan 12.000 km2 lur eremua zuten erosi eta 8.000 pertsona hara eraman; 1890 bitartean 20.000 beltz «aberriratu» zituzten yankiek.