Mikel Taberna
Bilbo. Irailak 14.
Argazkiaren lehenbiziko planoan polizia bat, kaskoaren gainean kaskoa, goititik hasi eta beheitiraino uniforme lodia (beltza, dudarik gabe), fusila eskuan, parean duen norbaiti apuntatzen. Nori, ordea? Gizon bat bakarrik ageri da. Botak oinetan, bibotea sudur azpian, ilea bularraldean, ile gehiago hanka tartean. Bertzerik ez. Biluzik. Armadunak duda egiten du. Zer egin? Agindua espero du (agindua emanen dionak ez du uniforme beltzik). Biluzik dago eta besoak zabaldurik ditu! Manifestatzaile ausartak ustekabean harrapatu ditu ertzainak. Denbora pixka bat irabazi du. Gero jo egin dute gogor: makil dantza. Saihets hezur bat hautsi diote. Eta mediku baten txosten luzea beharko luketen azio gehiago egin ere bai. Baina segundu batzuk irabazi ditu, eta argazkilari on batek bere irudia besapean hartu eta lasterka eraman du behar zen lekuraino. Komunikabideetan, hitz egileak alferrik ariko ziren egun hartakoa esplikatzeko solasen oihala josten. Ez alde ez kontra. Hitzak sobra. Han gertatua garbi ageri zen.
(Hitza ukatzen, bahitzen edo faltsutzen den garaian, bertzelako adierazpideak bilatu behar. «Nonahi ari dira hitzak bere lan zikina egiten. Era erlijiosoan edo laikoan. Gerra handietan eta txikietan. Han eta hemen. Estatu Batuetan eta Euskal Herrian». Atxagak hala.)