Aurten ere, jada ohitura den bezala, Emakumearen Eguna* dela eta, hainbat elkartek antolatutako hainbat jardunalditan ikusgai izango da Thelma & Louise (Ridley Scott, 1991) izeneko filma. Norbaitek erabaki zuen feminismoaren balizko bandera izan zitekeela. Ni, ordea, ez nintzateke horren ziur egongo.
Uste dut, bai, pisu handia izan zuela bere egunean bi emakume nazkatuen istorioa izateak. Baina horretaz aparte, ez dut uste pelikularen sentsibilitatea bereziki femeninoa denik. Eta ez dut esan nahi honekin ñoñokeriatan erori behar denik horretarako… Mesedez… Baina argi asko ikusten da gizon batek egindako filma dela, eta agertzen diren jokabideek eta egoerek ikuspegi maskulinoa (askotan alderik negatiboenetatik ikusita) dutela.