2011/08/16
Salmones
Matiasen izokina
Mikel Taberna
Izokinekin amets egiten du Matiasek. Ez dakigu bertze ametsik ez duen edo hori den kontatu nahi digun amets bakarra. Hirurak noiz joko, nerbioso aritzen da ordenagailuaren pantaila begien parean duela. Erloju motelari begira, lantokitik ateratzeko ordua noiz erakutsiko dion. Zeruari tarteka erreparatzen, zer amu klase komeniko ote zaion. Dena prest, ziztu bizian abiatzeko, Iruñetik Endarlatsaraino. Iluntzera arte han ariko da, azkeneko argi ttantta ere aprobetxatuko du, kanabera luzea eskuan, Bidasoako jauntxoa harrapatu nahian. Ibai kastigatu eta izorratuan, berez ezin eta Diputazioko langileek botariko hainbertzetako bat, urtean harrapatuko diren hogeita hamabortz-berrogei horietako bat bederen. Joan den urtean bezala. Iaz berak atera baitzuen piezarik handiena: iatsu bederatzi kilo pisuan! Nola nahi duzu ametsik ez egitea!
Matiasek berak ere izokintako du bere burua. «Matias Irazoki: ez amurri ta ez izoki!, erratten ziratek, biño ni ere erdi izokiya niok». Esplikazioa gero ematen dizu, bera ere Bidasoaldean jaioa izanagatik, munduko itsasoetan barna ibilaldi batzuk egin ondotik, sorterrira bueltatzen dela tarteka-tarteka. Izokinez betea baitugu Iruñea, hainbertze herri handiren gisara, herri ttikietan sortuak, ziutate koxkorretako ur hotzetan ez laketzen eta, ahal duten guzietan, arrotz sentiaraziko ez dituen jendarte beroagora frankotan itzultzen direnak.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)
Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.
Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.
Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.
Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia
