Uste nuen atzera begiratzea ariketa hutsa zela. Batzuetan osasungarria, beste hainbestetan arima eta psikearen ahuleziaren sintoma. Tarte honetan sarritan egiten dudan gauza da, nolabaiteko apologiak eginez, oroimenaren zulo beltzean ahaztutako irudiak berreskuratu nahian.
Uste nuen déjà vu deitzen diogun sentsazio errepikakor hori Matrixen akatsen ondorio zela. Bizi dugun makinen aroan, aurretik atzera eta atzetik aurrera libreki salto egiteko modu kontrolaezina.
Uste nuen erlojuaren orratzek aurrera egiten zutela kolpe bakoitzean. Eta atzeratzen zirenean ere, ez zirela benetan atzeratzen, motelago aurreratzen baizik.
Uste nuen estreinaldiak aurretik ikusi ez ditugun pelikulen zerrenda zirela. Istorio berriak kontatuko zizkigutela, beste modu batean, pertsonaia ezezagunekin.
Oker nengoen nonbait.