Aspaldian ez bezala, gaur bertan norbaitek zer moduz nagoen galdetuz gero, ‘pozik’ erantzungo nuke zalantza izpirik gabe, inguru hurbileneko azken gertakariek horixe sinestarazten didatelako, nahiz eta berme ahuleko baieztapena den jakin. Zoriontasuna existitzen ez delakoan nago, une eta bolada zoriontsuen maiztasunak eragindako ilusioa besterik ez dela.
Horietako une zoriontsu baten erdian berreskuratu nuen lehengo egunean 1980ko film bat. Fernando Truebaren Ópera prima (Iparraldean, Cousine, je t’aime izenekoa). Erabat inoiz ahaztu ez dudan pelikula eta nire memoria pertsonalaren ezinbesteko osagarria izan dena. Noizean behin horri beste bueltaxka bat ematea gustatzen zait, beharbada denak bere tokian jarraitzen duela ziurtatzeko, fikziozko errealitatea eta egiazko alegiak elkartzen diren bidegurutzean.