Giza Eskubideen Kartak hala dio. Munduan diren konstituzio guztiek baieztatzen dute. Guztiok berdinak omen gara. Ongi ba. Baina eskubideez ari zirela uste nuen. Mundua kontrolatzen duen mafiak, berriz, uniformizazioa berdintasuntzat saltzen digu. Garesti, gainera. Ez naiz globalizazioaz hitz egiten hasiko. Horretarako, apunteak errepasatu. Edo ondokoari oinarrizko bibliografia eskatu.
Jendeaz ari naiz. Pertsonez. Jendea multzoa da. Pertsonak, multzo hori osatzen dugun aleok. Atomoak. Atomoen artean haizerik edo hutsunerik ote dagoen filosofo grekoen kezka zen. Edo omen. Galdera zein zen ez dakit eta erantzuna zein den ez dut ezagutzen. Baina pertsonen artean gero eta haize gutxiago nabaritzen dut. Urrunago gaudela diote batzuek, eta nik, hara non, gero eta gertuago gaudela uste dut.