Abuztuaren erdialdean ari naiz, baina zeru ilun honekin ez dirudi abuztua. Eguraldiaren partea alde batera utzita, edo eguraldiak berak gonbidatuta, zinera joateko erabakia hartu dut. Zinera joan nahi nuen baina? Ala aukera hoberik ezean erabaki dut? Zaletasuna, beharra, bizioa da…? ala partxea, betegarri, denbora-pasa…? Zergatik joaten da jendea zinera?
Gasteizen lehenago eta Bilbon azken honetan, Mikeldi aretoetan betirako itzali dute argia. Ez pelikulari hasiera emateko. Hau pena, aizu. Dirudienez, Metroren lehoiaren orroa baino indartsuagoa izan da ikusleen aharrausia. Hau pena. Hori bai, kulturarentzat berriro ere kristoren zaplaztekoa izan da. Omen. Tira, aleluia ez da, baina ez dugu horrengatik dramarik egingo. Are gutxiago epaimahaiak epaia eman eta heriotza zigorra sinatu ondoren negar egiteko inolako eskubiderik ez duela pentsatzen badugu.
Guztiok gara neurri batean errudun. Noiz izan da zinera joan ginen azken aldia? Hori ba.