Gure etxe ondoan bideoklub bat ireki zuten. Beste munduko ezer ez zen, baina ataritik hogei metrora zegoen eta eguneko 24 orduetan egoten zen zabalik. Badakizue, txartel batekin kutxazain moduko batean pelikulak aukeratu eta alokatzeko horietako bat.
Lan ederra eman nion bolada batez txarteltxoari. Erosoa zen eguneko edo gaueko edozein ordutan peliak hartu eta bueltatzea. Baina, halako batean, zerbitzua aldatuko zutela esan zidan arduradunak. Nonbait, izenburu komertzialekin ez zuten amortizatzeko nahikoa ateratzen eta pornoekin, aldiz, izugarrizko arrakasta izaten ari ziren. Beraz, soilik pornoa eskaintzea erabaki zuten.
Nik ez nuen oso argi ikusten estrategia komertzial hura. Edozein ordutan –eskaintza orokorrarekin– jende nahikotxo ikusten zen kutxazaineko atean ilara egiten. Mugimendua egon bazegoen. Baina nor egongo zen ate haren ondoan, zain, auzoan makinatxoak zer-nolako eskaintza zinematografikoa gordetzen zuen ezaguna izanik?