«Hona pentsatzera etorri behar da!». Horixe bera bota zuen Madrilgo filmotekan pastazkobetaurrekotabufandazuridun batek, demontreren haserreak itota, aretoaren iluntasunak babestuta, norbait hizketan eta barrezka entzun zuenean. Ez dakit zein zen ikusten ari ziren filma. Andertxori galdetu beharko diot.
«Todo el mundo es tonto o moderno». Alex de la Iglesiaren Acción Mutante ausart hartan entzun genuen. Antonio Resinesek egiten zuen Ramón Yarritu mutantearen ezpainetatik jauzi egiten zuen esaldiak, begien artera doan tiro batek bezala. Zuri eta niri, guztioi, zuzendutako tiroa. Ehuneko ehunean hala ez bada ere, nagusia da moderno izateko gogoa, eta nagusiagoa ergeltzat agertzeko beldurra. Baita zine-ikusleon artean ere. Lander Garrok xakelariaren eta Zinemaldiko ikuslearen arteko konparaketa xelebrea egin zuen Berrian, beldur horri helduz.
«Take it easy», kantatzen zuen Jackson Brownek. Eta horixe beharko genuke, gauzak lasai hartu, baita zine aretoan ere. Zinemaldikoetan bai behintzat. Nortasunik eta irizpiderik gabeko ikusleak bagina bezala, artaldearen babesa behar dugu jan dugun belarra ona edo txarra den jakiteko, edota soilik belardia aukeratzeko.
Espero dut zuk, irakurle, orrialde honetan inolako argibiderik ez bilatzea. Azken finean, ni ez naiz ona edo txarra zer den esateko nor. Tarte hau gomendioz –eta ez Jaungoikoaren Hitzarekin, edo hala ulertu nuen nik– betetzeko esan zidaten duela hilabete nahikotxo, eta horretan saiatzen naiz. Rankingak egiteko gauza ez naiz eta, izartxoak jartzen hasi behar badut, atzaparretatik eroriko zaizkit, dorpe hutsa naiz eta.
Zinemaldia bukatu da –jakingo zenuen jada nork irabazi duen– eta jendea etxean egongo da, horren gutxi gustatu zitzaion pelikula irabazleari merituak bilatu nahian lagunen aurrean goraipatzeko –«oso fotografia polita zuen»–, edota hain tarte gozoa eskaini zaion beste horri oroimen triste eta deskolokatu bat dedikatuz, munduari –eta kritikari banda horri– zer gertatzen zaion ezin ulertu, nahiz eta DVDan noiz kaleratuko den zain egon. Ze pena, lagunak etxean ikustera ezin gonbidatzea!
Balizko elite batek gure gustua kontrolatu eta bideratu dezakeela sinestarazi digute eta ideiarik ez duen hasiberriaren lotsaz hurbiltzen gara horrelako jarduera kulturaletara, ezer ez dakigulakoan eta ahoa irekitzeko beldurrez. Bekatari gara fundamentalistaz betetako kulturaren tenplu horietan. Tentsio horrekin merezi al du ba zinera joatea? Pelikularen aukeraketa soila azterketa bihurtzen badugu, hobe dugu etxean geratu, inoren aurrean inolako azalpenik emateko beharrik gabe. Entretenimendua dena –ongi da, kultura ere bada… ezin da ezer esan– norberarentzako domina bilakatzea denbora alferrik galtzea delakoan nago.
Pentsatu nahi baduzu, pentsatu… Ergela edo modernoa izateko beta ere izango duzu noiznahi… baina behintzat, eta guztion onerako (zu zeu barne), edozein kasu dela, lasai hartu. Ikusi duzuna gustatzen bazaizu, ongi. Pelikula osoa gustatu ez bazaizu ere, seguruenik zerbait ona izango du. Sikiera hasierako kredituak. Gauza onak gogoan hartu eta okerrak, barkatu gabe, gorde. Baina joan jakin-mina pizten dizun hori ikustera, inongo pope ospetsuren baimena itxaron gabe.
Eta orain, gomendioa: You can’t take it with you (espainolez, Vive como quieras izenekoa; frantsesez, Vous ne l’emporterez pas avec vous), Frank Caprak 1938an egindakoa. Bertan aurreiritziak baztertu eta zoriontasuna xumeki bilatzen duten pertsonaia maitagarri batzuk ezagutuko ditugu. Norberaren eta guztion askatasunari eginiko kantu gogoangarria.
Portzierto, oraindik ere etiketen zain bazaude, pelikula eta zuzendari onenen Oscarrak irabazi zituen (Frank Capraren hirugarren eta azkena). Hala, orain bai, lasai asko ikusi eta gusturago gozatu.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina