2012/01/31

Pornografiaz

Gure etxe ondoan bideoklub bat ireki zuten. Beste munduko ezer ez zen, baina ataritik hogei metrora zegoen eta eguneko 24 orduetan egoten zen zabalik. Badakizue, txartel batekin kutxazain moduko batean pelikulak aukeratu eta alokatzeko horietako bat.

Lan ederra eman nion bolada batez txarteltxoari. Erosoa zen eguneko edo gaueko edozein ordutan peliak hartu eta bueltatzea. Baina, halako batean, zerbitzua aldatuko zutela esan zidan arduradunak. Nonbait, izenburu komertzialekin ez zuten amortizatzeko nahikoa ateratzen eta pornoekin, aldiz, izugarrizko arrakasta izaten ari ziren. Beraz, soilik pornoa eskaintzea erabaki zuten.

Nik ez nuen oso argi ikusten estrategia komertzial hura. Edozein ordutan –eskaintza orokorrarekin– jende nahikotxo ikusten zen kutxazaineko atean ilara egiten. Mugimendua egon bazegoen. Baina nor egongo zen ate haren ondoan, zain, auzoan makinatxoak zer-nolako eskaintza zinematografikoa gordetzen zuen ezaguna izanik?

Zerbitzu berriak hilabete pare bat exkax iraun zuen. Normala eta aurreikustekoa, hortik ehun metrora sex-shop bat egonez eta bertan jendea normaltasun osoz sartzen bada. Bai, gure auzoa oso ongi hornituta dago eta denetarik dugu: sex-shoparen alboan eliza ebanjeliko bat dago –badaezpada ere, zeren arima ase nahi duenak gorputzarekin gauza bera egiteko eskubidea du, eta alderantziz–. Gaur egun, gainera, sex-shop batean sartzea ez da batere lotsagarria, ezkontza aurreko agurrerako gusturik gabeko tramankuluak erostea modernoa baita.

Baina zerak harritu ninduen, zenbat porno alokatzen zen txoko argitsu hartan, bakardadearen besoak babesturik. Ez dut daturik, baina kopuru ederra izan behar zuen derrigor enpresaburu batek bere negozioari horrelako bira emateko. Eta jakina, ez ziren martiztarrak. Behin baino gehiagotan topo egingo genuen atean, eta batak ez zuen besteaz ezer ilunik pentsatuko… Zergatik, ba, horrelako plantoa aukera agerian geratu zenean?

Iluna, benetan. Hil honetan hainbat irudi pornografiko argitaratu dira Nabarran eta batek baino gehiok kristorenak botako ditu horregatik. Baloreak aipatuko dituzte, islatzen diren ereduak… Eta mugez ariko ginateke berriro: erotismoa, pornografia…

Niri, berriz, askoz ere pornografikoagoa iruditzen zait igandekarietan argitaratzen den zuri-beltzeko edozein erreportaje. Zuri-beltzeko miseriaren estetika ukaezina da, argazki horien arrakastari erreparatzen badiogu. Euliz jositako ume baten irudia, edo Iraken atxilotutako pertsona laidatu batzuen argazkiak, horiek bai pornografikoak iruditzen zaizkidala. Morboan plisti-plasta aritzeko aitzakiak. Jakin badakigu errealitate horietaz, baina ez dugu inoiz pentsatzen zer esango luketen ume horrek edo irakiar horiek beren samina eta bere lotsa gure kontzientziak astindu eta berehala –astindu horren bitartez– lasaitzeko erabili ditugula jakingo balute.

Porno-aktoreek, finean, fikzioa egiten dute (fikzioa da, ezta? ai, ene! ez esan hori normala denik). Gehienetean, ez estetikoki ez artistikoki ez dute inolako baliorik. Baina, mesedez, ez dezagun gainera kontzientzia txarrik sortu horregatik.



Pornoaren industriaren atzean dagoen zabor eta zikinkeria iluna beste kontu bat da, baina horretaz izan duzue informazio gehiago aurreko orrietan. Hil honetako gomendioak ere orri horietan bila ditzakezue. Nik beste bat egingo dizuet, porno amateurraren mundua ezagutzeko: Torremolinos 73 (Pablo Berger, 2003). Abenturak amets berri bati atea nola irekitzen dion kontatzen duen istorio triste bat, etxeko pornoa egiten duen bikote baten eskutik
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code