2012/01/18

Zuriari beldur


Gauez ari naiz. Bakarrik. A ze tontakeria… pentsatzekoa da teklatuaren gainean saltoka hasten naizenean bakarrik egongo naizela normalean. Baina oraingoan horretaz jabetu naiz, bereziki. Gaua, haizea eta euria kanpoan. Barruan, fluoreszenteen argia, irratiaren jarioa Gasteizen gertatutako leherketa bati buruz –hiru atxilotu– (Estrasburgora begira geunden egun berean) eta hautsontzian metatzen diren zigarro puntak.

Logurak jota, pelikula bereziren bat aurkitzen saiatzen naiz hilabetekoarekin konplitzeko. Ikasleen modura –erredakzio ariketa: gai librea–, paper zuriaren aurrean agertzen den beldurra uxatzeko, ideien lehortea adierazteko tentazioa kili-kili ari zait belarrien atzean.

Oraingoz baztertu eta hurrengo baterako utziko dut.

Bigarren saiakera Bigarrenez saiatzen naiz pantailaren aurrean. Jadanik ilundu du, euririk ez du egiten eta neuronen lehorteak bere horretan dirau eta bigarrenez jarraitzen dut hutsaren deskribapena luzatzen. Zilegi al da teklen pasodoble hau etengabe kizkurtzea?

Lotsagarria da. Zenbatetan aipatu ote dut txoko honetan gauza bera? Gidoilarien ideia eskasia, imajinazio falta eta abar… Mihi luze honek galduko nau. Hala ere, bada egoera bera abiapuntutzat hartuta ezer interesgarri esan duenik. Gehiegi sinetsi gabe, beste zigarro bat piztu eta gogoratzen saiatzen naiz. Institutu garaiko Lope de Vega eta bere burla, burlando… hura. Metasoneto gisa ez dago gaizki. Surrealistek cadavre exquis –gorpu fina edo– delako ariketa-jolasa zuten. Baina zinemarekin lotzen gai zailak egiten zaizkit.

Haizeak leihoa astindu eta Esperen mahaian dagoen loreontzia kulunkatu du. Irudiak taka-taka kateatu dira. Esperen loreontzia apurtua, Nicolas Cageren aurpegia loreontzitua eta irudi hori agertzen duen kartelaren pelikularen gaia lerrootan agertu zait. Adaptation (Spike Jonze, 2002). Edo nola egin ezinezkoa dena borondatez egina balego bezala. Tira, borondatea egon, badago.

Metagidoia Charlie Kauffman gidoilariaren estualdi larria kontatzen du, lan garrantzitsu bat agintzen diotenekoa. Orkidea-lapurra izeneko liburu bat egokitu behar du pantailarako, baina liburuaren izaera dela-eta ez daki nola heldu enkarguari. Berak, gainera, bizitzen duena idazten du. Haren anaia biki Donald, ordea, idazten duen bezala bizi da. Hari laguntza eskatu eta bien arteko harremana eta sortze-prozesua da filmak kontatzen duena, noizbehinka liburuaren muina aipatuz.



Hoberena da egoera ia guztiz erreala dela. Benetako Charlie Kauffmani egin zioten enkargua eta bere buruhausteen emaitza da berak (eta txantxa eginez bere fikziozko anaia bikiak) sinatutako gidoia. Orkidearen aitzakiarekin eta adaptazio darwinistarekin jolasten da Kauffman, bere adaptazio propioaren azterketa eginez («Nahi duzuna zarena bihurtu», dio Kauffman bikietako batek). Betiere anaiaren oreka-desorekarekin batera, harentzat Mr. Hyde berezi bat irudikatuz.

Atrebentzia Ez ohiko produktua da eta, txunditzen ez badu ere, interesa piztu, mantendu eta saritu egiten du. Nahikotxo esatea da, paisaiari begiratuta. Komertzialtasunak agintzen duen merkatuan, ausardiaz eta askatasun harroaz ekin zion Kauffmanek moldaketari. Bertan narrazio-eskema karratuei barre egiten die eta Syd Field edo Robert McKee (filmean presente eta guzti) gidoilaritzaren teorialarien zutabeak lehertzen ditu. Spike Jonze zuzendariak ere badu zerikusirik, noski. Bihurrikeriaz eskaini zigun bere opera prima, Being John Malkovich –hau bai txundigarria eta, halaber, Kauffmanek idatzia–, eta ez zigun bigarrenarekin hutsik egin.



Burla, burlando tartea betetzen joan naiz. Itzalita zegoen irratia piztu eta eguneko berriak gela betetzen hasi dira. Nik orria bete dut. Artxiboa, gorde, itxi
.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code