Politikaria, Iruñean jaioa 1910ean. Tuteran Jesuitekin eta Zaragozan Zuzenbidea ikasi zuen. Errepublikanismo jatorrikoa, 1931n partidu komunistan sartu zen. Fronte Popularreko kandidaturan 1936ko otsailean eta urte horretako martxoan Diputazioa hartzen ere parte hartu zuen.
1936ko uztailean jeneralak altxatu zirela-eta, Frantziara ihes egin zuen eta ondoren Bilbora joan zen eta, han, Eusko Jaurlaritzako herri epaimahaiko fiskal izendatu zuten. Bilbo erori ondoren, gobernadore zibila izan zen Alacanten, Albaceten eta Cuencan. 1939. urtean Pasionaria Madriletik Oran aldera abiatu zenean lagundu zuen.
PCE berrantolatu zuen Frantzian eta nazien okupazioaren aurkako espainiar erresistentzia antolatu zuen. 1944an, makien inbasioak huts egitean, Carrillok Monzonen eta “monzonismo”aren aurkako salaketa prozesua hasi zuen. 1945ean Bartzelonan atxilotu zuten ez oso egoera argietan eta, 1947an, “Mundo Obrero” aldizkariak partidutik bota zutelako berria eman zuen. 1948an egin zioten epaiketan 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta eragin handiko zenbait lagun nafarrek, agintari frankistekin egindako gestioei esker, bizitza salbatu zioten.
1956. urtean kartzelatik atera zen. Mexikora alde egin zuen eta han bizi izan zen hainbat urtez. Berriz ere Espainiara itzuli zen, denbora batez Mallorcan bizi izan zen eta Iruñera itzuli 1970ean. 1973an hil egin zen.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina