2012/02/08

Sakonetik argira

Hogei urte nituen eta Bartzelonan bizi nintzen garai hartan. Komiki azokaren aitzakiarekin, Asisko, Marko eta Mexikoko Ricardo Pelaez marrazkilariak gure etxean hartu genituen. Napartheiden garaiak ziren eta fantzinerismoak beste fantzinero batzuekin harremanak izatera behartzen gintuen. Hori zela eta, Galiziako marrazkilari batzuekin elkartu eta poteatzen ibili ginen halako batean.

Haietako batekin eman nuen denbora gehiena. Miguelanxo zuen izena, jatorra eta apala zen. Marrazteaz baino gehiago beste edozein gauzaz aritu ginen bla-bla eta glu-glu. Urbasa ezagutzen zuela… basurdeak ez dakit zer… euskaldunak ezdakit non… Eta horrela eman genituen hiru bat ordu, hizketaldi animatuan.

Iluntzen hasi zuenean, alde egin behar zuela-eta agurtu genuen. «Tipo jatorra, gure Prado» esan zuen batek joana zenean. Zeharo harrituta geratu nintzen. «Nola, Prado? Hori al zen Miguelanxo Prado?». Hiru ordu eman nituen poteatzen gehien miresten ditudan marrazkilarietako batekin eta ez nion funtsezko deus ere galdetu. Jakina, huraxe izan zen harekin egon nintzen lehenengo eta azken aldia.

Bere jardunbidearen berri izan dut, nola ez. Bere komikiak irakurri ditut, telebistan aritu dela ere jakin dut, baita Ameriketako Estatu Batuetan Spielbergekin lan egin duela ere, Men in Black marrazki bizidunen telesailean. Eta orain hara non enteratzen naizen animaziozko film bat mustuko duela hilabete honen 19an.

Poema animatua De profundis izeneko lanak 75 minutu irauten du eta animazio tradizionalaren eremuan kokatzen da. Edo hori pentsa daiteke trailerra ikustean. Egilearen asmoa bestelakoa da. Animazioaren industriak errealitate eta sinesgarritasuna bilatzen badu ere –gehienbat 3D teknikaren bitartez–, Pradok apustu xumeagoa eta garbiagoa egiten du. «Sinestarazi ez, aditzera ematea baizik» du helburu. Trailerra ikusita pentsa daiteke animazio teknika ez dela oso zorrotza; zuzendariaren asmoa, ordea, irudiei piktorikoki duten berezko indarra ematea da.




Ez da bideo-sormen ariketa. Ez da marrazki bizidunen film luzea. Zer da, ba, aurkezten zaiguna? Amets bat iruditan. Poema animatu bat. Sormen lan bat, finean. Miguelanxo Pradoren Trazo de tiza eta beste liburu batzuk irakurri dituenak, jakin ez badaki, suma dezake honakoa nolako proposamena izan daitekeen. Egilearen lirismoa, pintzela eta kolore paleta nabarmenak dira. Eta horrekin batera, Nani Garcíaren musika. Ez osagarri arrunt gisa, irudiak lagunduz, baizik eta ikusizko poema honi ahotsa emanez. Izan ere, elkarrizketarik ez dago maitasun istorio honetan. Sentimenduak irudien eta musikaren bitartez pantailaratzen baitira.

Ongi aterako ote da? Hori guztia, trailerra ikusita. Ditxosozko film hori ikusteko gogoa dut. Hala ere, beldurra ere badut. Un perro llamado dolor (Luis Eduardo Aute, 2001) ikusteko aukera izan genuen. Animaziozko lana hori ere, eta esperimentu erakargarria zirudiena. Teknikoki, hala ere, nahiko kaxkarra suertatu zitzaidana. Asmoa igartzen zen eta zitekeenaren ideia ikusten ahal zen. Baina besterik ez. Beldur naiz De profundis ez ote den antzeko uste ustela izango. Dena den, bai bata bai bestea txalogarriak iruditzen ziazkit adierazten duten ausardiagatik. Egile-lana garatzea posible dela erakusten dutelako. Eta ez da gutxi.

Ezin izan nion Pradori jakinean egonez gero nahi adina gauza komentatu. Behintzat berak oraindik ba omen du zer esan, galdera antzuren beharrik gabe
.


Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code