Winston Wolfe Otsoa jaunak arazoak konpontzen ditu. Bere txartelak hori dio. Harvey Keitelen ezpainetatik agur hau agertzen da: «Otsoa jauna naiz eta arazoak konpontzen ditut». Otsoaren gogoan zama astuna da hori. Ez da lan erraza. Mundu orok beragana jotzen du egindako hanka-sartzeei buelta emateko, sortutako konplikazioei irteera bilatzeko, tiro batez lehertutako burmuinak autoko kristaletatik garbitzeko. Gauzak okertzen direnean, Otsoa deitzen dute. Potrotaraino dago Otsoa.
Bere jantzi beltza karratuegia da. Gorbata lepoaren bueltan estuegi sentitzen hasia da eta pistolaren ukitu hotza bero bihurtzen ari da bere besapean. Erretzen diola esango luke. Erreta dago Otsoa.
Ordutegirik ez du ezagutzen. Egutegirik ere ez. Beti prest egon behar du. Batek daki non gertatuko den hurrengo triskantza, noiz gaineztuko den zikinkeria edo nola joan daitekeen dena pikutara. Nazka eginda dago Otsoa.
Bere jantzi beltza karratuegia da. Gorbata lepoaren bueltan estuegi sentitzen hasia da eta pistolaren ukitu hotza bero bihurtzen ari da bere besapean. Erretzen diola esango luke. Erreta dago Otsoa.
Ordutegirik ez du ezagutzen. Egutegirik ere ez. Beti prest egon behar du. Batek daki non gertatuko den hurrengo triskantza, noiz gaineztuko den zikinkeria edo nola joan daitekeen dena pikutara. Nazka eginda dago Otsoa.
Ipurdiak garbitzeaz aspertzen hasia da Otsoa. Askotan paper nahikorik ez kaka horiek guztiak garbitzeko eta usaina jasangaitz egiten zaio gainera. Barruak ustelduta ditu eta medikuak eta mediku ez direnek tabakoa uzteko gomendatzen diote. Oker dabiltza. Oker dabil Otsoa ere.
Ikasketarik ez du. Hala eta guztiz ere, Otsoak erantzunak eman behar ditu. Bere lanaren parte da. Urduri egon arren ezin dio izerdi tanta bati ere ihes egiten utzi, salatu ez dezan. Tinko eta dena kontrolpean duela egon behar du Otsoak kaosa nagusitu ez dadin. Lasaitasuna saltzen du. Ez du halakorik txartelean ipini, baina asteak daramatza ideiari bueltaka. Kurtsiban jar zezakeen. Edota letra larritan. Nekatuta dago Otsoa.
Bere portaera ikusita, edozeinek pentsa lezake harroputz galanta dela. Ahula da, ordea, Otsoa. Bizarrak umea estali ezin duen bezalaxe, plastikozko segurtasunak ez du Otsoa babestea lortzen. Altzairuzko tenplea plastilina bilakatzen da bakardadean. Urduri dabil Otsoa.
Merke egiten du lan, edo hala iruditzen zaio behintzat. Bere janzkera ikusita, agian ez da gehiegi nabaritzen. Baina bizkarrean txalo baten truke egiten du lan gehienetan. Edo hala zen hasieran. Orain bere eginbeharra besterik betetzen ez duela sinestarazi nahi diote. Eta, gainera, eskerrak eman behar ditu. Zorionekoa, Otsoa, lan garrantzitsua eta gustukoa egiten duelako. Gizon inportante sentitu beharko litzateke. Letaginak kamustu dizkiote. Beheratu sentitzen da Otsoa.
Gangsterren inguruan, gangsterren erdian, aritzeak gangster bilakatu du. Finean, bizitzaz beste zerbait espero zuen. Inozokeriatan erori gabe, zintzotasunean sinesten zuen Otsoak, baina errealitatea oso bestelakoa zela ikasi zuen. Bere goitizena mereziago zutenek ikasarazi zizkioten arauak, bere nahiaren kontra. Etsituta dago Otsoa.
Ispiluan izan zena bilatzen saiatu da. Eta Harvey Keitel joan dela ikusi du. Trakeski, Pulp Fiction ez diren beste pelikula batzuetan ikusi duela gogoratzen du. Komunean eseri eta egiaz jabetzen da. Literatura merkeko fikzioa besterik ez da izan orain arteko bere bizitza. Minutu batzuk pasatuta, aurpegia garbitu eta txandala jantzita kalera irteten da. Harvey Keitelen ezpainak bere baitan josita, Otsoa bere arazoak konpontzera doa.
Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
0 iruzkin. Gehitu zurea:
Argitaratu iruzkina