2012/03/21

Negozioaren ezagutza


Coppolaren The Godfather. Clint Eastwooden Unforgiven. Billy Wilderren The Apartament. Almodovarren Mujeres al borde de un ataque de nervios. Jean-Luc Godarden À bout de souffle… Zuzendariaren eta bere lanaren arteko lotura ia-ia naturala egiten zaigu orain. Baina garai batean ez zen horrela izan. Hollywooden urrezko aro hartan, Star System eta Studio Systemaren erdian, produktorea zen erregea. Errege baino, Jaungoikoa; berak baitzuen beti eta edozein kasutan azken hitza negozioari zegokion guztian.

Behin zinema industria bezala ulertu zenean, enpresa gizonek (beti gizonak) botere guztia bereganatu zuten prozesu osoa kontrolpean egon zedin. Kontratazioak, filmaketa, promozioa, banaketa, zine-aretoen sarea, baita krispeten salmenta ere. Xentimorik ez zen bidean galtzen. Sona handia irabazi zuten garai hartan Samuel Goldwynek, Howard Hughesek, Louis Mayerrek, David O. Selznickek… Agintari gogorrak, ahalorotakoak eta tratante zorrotzak. Paramount, Metro Goldwyn Mayer, Warner Bros., RKO eta 20th Century Fox ziren orduan lehen lerroko ekoizleak (Majors) eta United Artists, Universal nahiz Columbia atzetik zetozenak (Minors).

Monopolioaren aurkako lege batek pikutara bidali zuen Studio System hura, eta areto sarea produkzio etxe horien eskuetatik aldendu zuen. Pelikulen emanaldia ziurtatu gabe geratu zenean, merkatu horren kontrola erori zen. Kanpoko zinema, Europakoa eta Asiakoa, batez ere, sartzen hasi zen; konpetentzia askea (nahiz beraien artekoa izan) gehiegi esatea zen marrazo horientzat; eta telebistaren arrakastarekin batera, negozioa ulertzeko era hura itzaltzen joan zen.

Betirako ez, ordea. Zinemaren krisialdi berri honetan (edo hori esaten da behintzat interneten, pirateriaren, satelitezko telebisten eta bideojokoen garaian) industriak inoiz baino gehiago negozioa behar du. Oraindik badira 70. hamarkadan izena egin eta ospea mantentzen duten zuzendariak. Baina, askotan, hori ez da nahikoa publikoa zinemara bultzatzeko. Batez ere, zuzendari-izar horiek haien irizpidea inposatu nahi dutenean. Zer demontre uste dute bada? Artistak direla? Dirua diru den bitartean, ordaingaitza den luxua da hori produkzio etxe batentzat. Oso kasu gutxitan onartzen da, eta inoren menpe ez egoteko hainbat zuzendari produktore bihurtu dira.


Nork gogoratzen ditu Flashdance, Beverly Hills Cop, Top Gun, Days of Thunder, Dangerous Minds, The Rock, Con Air, Armageddon, Gone in Sixty Seconds, Coyote Ugly, Pearl Harbor, Black Hawk Down, King Arthur, National Treasure, Dejà vu edo Pirates of the Caribbean bezalako filma famatuen zuzendariak? Batek baino gehiagok, ordea, aski ongi gogoratzen du produktorearen izena. Jerry Bruckheimer azeriak lortu du, duela 60 urte bezala, zuzendariaren izenaren gainetik berea idaztea. Hain da horrela, bere pelikulak horrela promozionatzen direla, bera zuzendaria balitz.

Negozioa ongi menperatzen du eta arrakasta lortzeko klabe guztiak dakizki. Narratibaren zirrikituak eta trikimailuak ederki ezagutzen ditu. Beraz, aski du tekniko onez inguratzea eta denen aurrean zuzendari disziplinatu bat jartzea, beti ere bere esanetara, produktore zaharren eskolak irakatsi zion moduan. Pirotekniak eta merkatuaren ezagutzak egingo dute gainerakoa. Formula asmatu badu, zertarako gehiago, formula horrekin leihatilak lehertarazteko gai bada?

Bere ekarpenak, seguruenik, ez dira artearen mesederako izango, baina arrakastarako eskua duenik ezin zaio ukatu. Bere ekosistema profesionala inork ez bezala ezagutzen duelako izango da. Ezinbestekoa da horrelako ardura duen pertsona batengan eta lantalde baten gainean dagoenarengan; azken finean, ahalmena jakinduriarik gabe ez da ezer. Eta Bruckheimer jaunak ongi asko ezagutzen du zapaltzen duen lurra.

Nabarra aldizkarirako idatzi nuen artikulu hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code