2012/04/19

San Fermin 2012: Kartelak

Iruñeko Udalak aurkeztu ditu aurtengo Sanfermientarako kartela hautatzeko finalistak. Boteprontoan egindako apustua botako dut.

Lehenik eta behin, esan behar dut aurreko urteetan baino maila altuagoa ikusi dudala aurten. Behintzat exekuzioan aukera desberdinagoak ikusten dira. Proposamen berriak eta ausartak. Gaia dagoena izanda eta ezagutzen ditugun mugak –guztiak– aintzat hartuta, ez da gutxi.

Bi kiliki (Caravinagre bietan), txisturlari bat (hirugarren kiliki bat, agian?), zaldiko bat, bihotz bat, zezenak-entzierroa lau kasutan eta San Fermin bera beste bi karteletan agertzen dira.

1. Caravinagre muturreraino sinplifikatua agertzen zaigu honetan. Oso irudi polita dela uste dut, baina jendeak (Iruñeko publikoak eta bozka ematen duenak, alegia) ez du gustuko izango horren ilun agertzea. Beltza gehiegi nagusitzen da. Koloreen erabilera aldetik ere ez du gehiegi arriskatzen (betiko gorria, zuria eta beltza). Hau ez.

2. Santuaren aurpegia eta, honen mitraren bidez, entzierroa batzen ditu kartel honek. Jendetza eta pertsonaia, alde paganoa eta kristaua elkartzen ditu fondo gorri baten gainean. Grafikoki estilo-asmo bat ere igartzen zaio. Atsegina izan daiteke publiko orokorrarentzat. Publiko guztientzako kalifikazioa emango lioke festari eta horrek faborito bihurtzen du nire ustez (nire iritziaren aurka, nire gustukoena beste bat baita). Honek irabaziko du. Hau bai.

3. Urteroko diseinuzko kartela. Minimalista, oinarrizko hiru koloreak erabiltzen ditu, eta irudi orekatu eta atsegina osatzen du. Hala ere, edo horregatik déjà vu sentsazioa ere ematen du, eta exkaxa egiten da esanahi aldetik. Hau ez.

4. Hiru koloreei beste buelta bat. Bihotzaren irudia inozo samarra egiten zait horren festa basatia islatzeko. Bizia da festa, bai, eta bihotzak agian hori erakutsi nahi du (taupadak, zintzotasuna, baikortasuna, bizi-poza…) baina hori baino askoz ere indartsuagoa da, primarioagoa. Tipografiak ere galtzen dira eta odol-emaileen kanpaina baterako egina dirudi. Hau ez.

5. Apustu ederra. Estiloa, berritzailea izan gabe, kriston hutsunea betetzen du azken urteotan ikusi ditugun kartelen artean. Kolore biziak, tipografikoki animatua, eta elementu bakar batean zezena, jaietako janzkera, santua eta konpartsako zaldikoak batzen ditu. Osagarri hauekin publikoan nagusitzeko aukerak izango lituzke, marrazkiaren pozagatik eta estiloagatik izango ez balitz. Askok umekeria bezala ulertuko dute (denok daukagu 4 urteko iloba bat hau bera egiteko gai dena) edota santuarekiko errespetu falta bezala ("Iruñeko zaindariak ez du horrelako erretraturik merezi"). Hau ez.

6. Diseinuzko bigarren kartela. Nahiz eta printzipioz Veneziako maskara baten antza izan, suposatzen dut txistularia edo kilikia izan daitekeela. Jokua egiten du 12 zenbakiarekin eta ohikoa den bezala hiru koloreekin ari da. Hotza geratzen da eta tipografia ere oso era diskretuan agertzen da. Indarra falta zaio. Fina da, baina ez zait egokia iruditzen. Hau ez.

7. Ezustekoetako bat. Irudiaren mezua zuzena da. Oso. Horregatik uste dut ez zela beharrezkoa "I want you for" esaldia gehitzea. Ikonikoegia da pertsonaiaren jarrera horren beharra izateko. Pentsatu dezakegu kutsu globala eman nahi izan diola egileak. Niretzat oztopo izan daiteke ekarpen hori. Iruñeko jendeak ez du behar bezala ulertuko, eta nahiz eta askori grazia egin, ez du irabaziko. Txantxa bat ez da nahikoa kartel on bat egiteko (Iruñean, behintzat). Hau ez.

8. Nire kuttunena. Estetikoki zoragarria iruditzen zait garai bateko UPAko marrazkiak gogora ekartzen dizkidalako. Umorea, sentsibilitatea eta betiko hiru koloreak oinarri baditu ere, zorrotz jokatu du egileak hauen tonuak desitxuratzerakoan, kutsu oniriko eta oroitzapenak berpizteko modukoa lortu arte. Tipografikoki ere oso egokia ikusten dut. Oso fina iruditzen zait, baina argi daukat paganoegia dela gure hiriarentzat. Ardoa, festa luzea (gaupasa barne) eta nolabaiteko sexua (bizi-poza izanda ere) ez da gure herritar zintzoek zabaldu nahi duten irudia. Pena bat, baina honek ere ez du irabaziko. Eta esan behar dut urteetan ikusi dudan politena eta erakargarriena dela. Baina ez. Hau ez.

Nahi izanez gero, eta Iruñean bizi bazara, zure bozka Udalaren webgunean eman dezakezu. Bestela, beti utzi dezakezu hementxe bertan zure iritzia, iruzkin moduan. Komentatu!


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

7 iruzkin:

  1. Niri, gehien 4. gustatzen zait: alaia, originala, festa iradokitzen duena…
    Pena da, baina nik ezin dut bozkatu!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Ba niri laugarren hori oso tristea egiten zait, egia esan. Lehen begiradan ikusi ez nituen zapia eta adarrak erakutsi dizkidate, baina hala ere… Ufa. Ez nau konbentzitzen.

      Eta bozkatu ezin baduzu ere, nik eskertzen dut zure iritzia!

      Ezabatu
  2. Laugarrenak irabaziko du, ikusiko duzu!
    Neri ere gehien gustatzen zaidana bikotea etzandarena da, zuri bezala, 8.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Esan bezala, oso tristea iruditzen zait laugarren hori. Baina bozka dezakeen jendea ezagututa… edozein gauza!

      Ezabatu
  3. Haritz Pascual12/4/20 10:05

    Aupa

    Twitterren erran bezala ia ia ados erraten duzun guztiarekin.
    1. Apostu interesgarria iruditzen zait, kanpoko norbaitendako sanferminetako kamiseta bat erosi beharko banu diseinu horrekin erosiko nioke.

    2. Sordidoena, sosoa ez esateagatik. Santua eta entzierroa uztartu arren ez dut uste irabaziko duenik, alaitasun eta jai giro gutxi helarazten baitu. Hala ere ez da azkenetarikoa izanen.

    3. Azken urteotan horrelako proposamen ugari ikusi ditugularen sentsazioa dagoenez, ez dut uste arrakasta handirik izanen duen. Sosoa.

    4. Bihotza, ipurdia, titiak...irakurketa ugari entzun ditut jada. Aterako balitz, jokua emanen luke. Bainan sosoegia dela deritzot.

    5. Gustoko dut eta irabazleetako bat izan daiteke. Alaia, Sanfermin+zezena+zaldikoa+pamplonicatrajea...

    6.Hotzena iruditzen zait, gutxi helarazten du eta de hecho komentario gutxien eragin duen kartela da. Hala ere, kontuz, bozkaketetan sorpresak izaten baitira...

    7. Nik uste kartel honek irabaziko du. Oso ikonikoa, oso iruindarra, oso PTV...hala ere, ideia ona bada ere, emaitza ez dut sobera gustoko. Gainera, caravinagre pamplonicaz jantzita eta zapia aurreraka lotuta...aldeano!

    8. Nere kuttunena. Beste Sanferminak islatzen ditu, entzierroa eta topikoak ahaztu gabe. Gaupasa osteko ligea, goizean parranda egin ostean dagoen kaos sentsatzioa...bikaina. Ez du irabaziko.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Jodo, Haritz! Zurea bai ekarpen mamitsua! Eskertzen da esfortzua.

      Esaten dituzun gauza askorekin ados, baina ez dut uste 7garrenak irabaziko duenik. Modernoegia ikusten dut Iruñeko jendearentzat. Eta gure Caravinagre pamplonicaz jantzitza erakusteak ez dio mesederik egingo PTV puristen aurrean.

      Bigarrena ez zait bereziki sordidoa iruditzen. Soso xamarra bai, baina erraztasun guztiak ikusten dizkiot irabazteko.

      Ikusiko. Diozun bezala, sorpresak egon daitezke.

      Ezabatu
  4. Beste behin ideia putarik izan gabe predikzioak egiteko orduan, agertu da kartel haune arteko irabazlea.

    7. kartela izan da. Ezustekoa, desberdina delako eta joera batekin apurtu duelako.

    Zorionak David Alegria egileari!

    ErantzunEzabatu

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code