2012/05/04

Duela 30 urte*, galaxia honetan

Frikiak zoriontzeko moduan daude, oroimenak berpiztuz oroimen horien jatorria ospatzeko. Isiltasunean eta bakoitzaren baitan pozik daude, ospakizun mediatiko eta erraldoietatik kanpo, halakorik egon arren. Azken finean, duela 30 urte* ireki zen klub bateko kide izatea harrotzeko arrazoitzat jotzen dute eta nahikoa da hori soka bereko kideekin konpartitzeko, gogoratzeko eta, hasieran esan bezala, ospatzeko.

Duela 30 urte, 1977an, hasi zen Saga. Bakarra, eternalekoa, benetakoa. Frikiak sortzeko garaian lehena izan dena. Friki-plantaziorik handiena eta emankorrena. Friki hitza bera ez litzateke berdin ulertuko Star Wars inoiz existitu izan ez balitz (Eraztunen Jaunak literaturan sortutako zale zaparradak alde batera utzita), azken hiru hamarkada hauetan zeresan gehien eman duen zine-saila izan baita. Ehunka erreferentzia, zita, plagio edota imitazio.

Baina, zergatik? Zerk bereizten du Star Wars beste edozein space operatik? Zergatik edozein gaztek edo ez hain gaztek ezagutzen du Jedi hitza? Zergatik dakigu denok nor den Luke Skywalkerren aita?
  
Unibertsala da Baina ez unibertsoan gertatzen delako. Gizarte eta zibilizazio guztietako mitoak bereganatu eta maisuki nahastu zituen George Lucasek. Munduko edonork ulertzeko moduan planteatu zuen istorioa eta ukaezina da erreferente guztiak oso ongi konbinatuta daudela. Istorio manikeoa erabiliz, onak eta gaiztoak argi eta garbi definituz, emaitza borobilak lortu zituen. Zeren eta berriro ere garrantzitsuena ez da zer kontatzen den, baizik eta kontaketa hori nola egiten den?
  

Teknikoki berritzailea Ordenagailuen boterea susmaezina zenean, eskolako eskulanen bitartez ehunka tonako espazio-ontziak altxatu zituzten zerura. George Mélies-en filmetatik inork ez zuen efektu berezien mundua horrela irauli. Zinemaren ikuskizun alderdia berrasmatua izan zen eta soinu eta argiaren batuketak su artifizialen aurrean baino gehiago erdi-erdian kokatzen zuen ikuslea?
  

Marketinga Efektuen berrasmatzailea izan zen bezalaxe, merchandising kontzeptua globalizatu zuen. Baliabide guztiak martxan jarrita, ordura arte inoiz ezagutu ez zen promozio kanpaina bati ekin zion Lucasek. Gaur ezagutzen ahal ditugun kanpaina erraldoiak toki beretik atera ziren eta ispilu berean begiratzen diote beren buruari, oraindik ere lehenengo maila hura urrutitik ikusi beharrez.

Hiru puntu horien konbinazioak sortzen du halako abentura. Hori baita Star Warsen muina: abentura! Pelikula bakoitzak irauten duen bitartean gure planetan gertatzen dena ahaztu eta zerura begira etengabeko abentura bizitzeko. Ekialdeko samuraien kodeak, Far Westen hazitako pistoleroak, piraten itsasontziak izarren artean hegalean, Erdi Aroko ezpatarien borrokak, fantasiak sor ditzaketen izaki harrigarrienak, maitasun istorioak eta Hegoamerikako kulebroietako familia-bilbe nahasia. Eta haien gainetik, gaizkia inork bezala irudikatu duen gaiztorik maltzurrena eta gupidagabeena: Darth Vader (Lord Vader, zuretzat).

Zer gehiago eskatzen ahal zaio istorio bati den-dena duenean? Pertsonaiak, arketipoak izan arren –edo agian horrelakoak direlako–, ezagunak eta hurbilak egiten zaizkigunean? Musika zoragarri eta indartsu batek beste mundu batzuetara garamatzanean? Oroimenak elikatzeko elkarrizketa mitiko eta eternaleko eszenaz josita dagoenean?

Agian, jarraipen on bat izatea. Horregatik, aurretik esandakoak IV, V eta VI. kapituluetara mugatuko ditugu. Indarra zuekin (eta zure espirituarekin).


Nabarra hilabetekarian argitaratutako artikulua, Star Warsen 30. urteurrenean.
*35. urteurrena betetzen da aurten.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code