2012/05/02

Fernando

Ez nuen inoiz antzerki lanetan ikusi. Eta orain kristoren hutsunea sortzen dit horrek. Zuzenean haren ahotsa entzun ez izanak oroitzapen eder bat lapurtu didalakoan gogoratzen ditut bere pelikulen pasarteak, memoriak josten dituen zuloak estali nahian. Liburuak irakurri izan dizkiot, baita idatzitako antzezlanak ikusi ere. Ez dut, normalean, berebiziko penarik sentitzen pertsonaia famatu bat hiltzen denean. Baina Fernando Fernán-Gómez, La Carolaren semea, betirako joan dela jakin dudanean, ziztada bat nabaritu dut bihotz aldean.

Juan Soldado eta El pícaro (ez galdetu zein ordenatan) dira kontzienteki gogoratzen ahal ditudan Fernando Fernán-Gómezekiko lehenengo hitzorduak. Telebistan izaten ziren eta gogoz ikusten nituen telesail haiek, tipoaren piura barregarria egiten zitzaidalako lehenengo begiratuan. Orain jakin dut berak idatziak eta zuzenduak zirela biak. Orduan, aldiz, entretenimendu hutsa ziren ni nintzen ume mukizuarentzat. Gaur egun, El pícaro ikusi izan dut noizean behin (bideotekaren magia) denborak ematen didan perspektibaz ikusteko eta gozamena biderkatzeko.

Denborak aurrera egiten zuen bitartean, españolada zer zen jakin nuen eta errespetua galdu nion Fernandori. Geroago Cine de barrio elikatuko zuen pelikula sorta botatzen ziguten larunbat arratsaldeetan eta normalean oso kalitate kaxkarreko pelikulak ziren. Zer kontatuko dizuet ba? Badakizue zertaz ari naizen. Nerabeak ginen, gainera, eta pizten zitzaigun kontzientzia nazional horrek ez zuen batere ongi ikusten españoladaren eskola.


Ez dut gogoratzen noiz, baina 1985aren ondoren izan behar zuen, telebistan –kolorezko telebistan, eta hura berandu xamar sartu zitzaigun etxean– Jaime de Armiñanek zuzendutako Stico izeneko filma (1985) ikusi nuen. Zuzenbide irakasle batek, miseria gorrian egonda, esklabo bizitzeko prest –jan eta ohearen truke eta askatasunik gabe, ez morroi gisa– bere ikasle baten etxean agertzen da. Drama horrek –baten batek komediatzat joko du; nik ez– eta bere protagonistak txunditu ninduten. Hortik aurrera, Fernando Fernán-Gómez izugarrizko aktoretzat izan dut orain arte.

Ez naiz orain haren lana nolanahi goraipatzen hasiko. Besterik gabe, El tiempo amarillo haren memoria liburua gomendatuko dizuet, aparteko testigantza non aktorearen lanbidea eta zinema eta antzerkiaren itzalak eta argiak aztertu eta musukatzen dituen. Maitasunez idatzitako liburua, non bere bizipenak bigarren planora pasatzen dituen gizarte baten eta ogibide eder baten erretratua egiteko, betiere bere ikuspegi pertsonaletik. Ez bilatu intimitaterik lan horretan, ikusle inplikatuaren begirada baizik. El viaje a ninguna parte zoragarrian egin zien lankideei omenaldia. Berak ezagututako bideen argazkiari sepia kolorea kendu eta errealitate hurbila bilakatu zuen.

Eta bukatzeko, berak idatzitako Las bicicletas son para el verano antzezlaneko azken elkarrizketa. Espainiako Gerra Zibila bukatutzat jo denean, aita-semea hizketan ari dira:
LUIS.- Hay que ver… Con lo contenta que estaba mamá porque había llegado la paz
DON LUIS.- Pero no ha llegado la paz, Luisito: ha llegado la victoria. Sabe Dios cuando habrá otro verano.
Beti ikaragarria iruditu zaidan bukaera. Eta uda horren zain gauden bitartean, buelta gaitezke haren pelikuletara. Zuzenduta, idatzita edota antzeztuta… gehienetan bada zapore ona utziko digun zerbait.


Askorentzat marmarti zatarra izango zen Fernando Fernán-Gómez. Niretzat, ordea, agure maitagarria eta biziki interesgarria izango da beti. Gainera, makeroa zen. Sikiera horretaz hitz egin genezakeen.

Nabarra aldizkarirako idatzitako artikulua da hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code