2012/05/26

Metak


Metazinema, metaliteratura, metalinguistika, metakazetaritza, metazutabegintza… Metaezintasuna. Metatu eta metatu. Metatu ezin diren hitzak galdu dira azken hilabete hauetan Atlantikoaren beste ertzean. Ekuatoretik gorako hemisferio honetan berean. Galdu ez badira, hozkailuan metatu dituzte munduan diren greben meta altxatzeko sormen-etena egin duten gidoilariek. Diru-metatze kontuak, Interneten eta DVDetan zeroka eta banaka irakurtzen diren metabyten kopurua –eskasa ez bada, ez nahikoa nonbait– eta aseezintasuna –zilegia ote?– bat ez datozelako. Duintasuna ere metatzen da grebetan, ez sosa soilik. Azken finean, etekinak ez banatzeak –gutxi edo asko izanda, baina beti gehiago zenbatezinak direnean– sortzen ditu haserreak. Arrazoiak metatu, betiko galderak pilatzen diren meta berean.

Futbolarien pare jarriko dituzte. Lotsagabe, lotsa ezagutzen ez duten kontu korronteen jabe omen direlako, eta arrazoidun, baldeka elikatzen dutelako diru-erreka hori. Kupelak bota dituzte antzeko erreketan langile xumeek, autoak egiten, etxeak eraikitzen, behiak jezten… baina horientzat ez da ttanttarik iristen, egarriak jota edota erreka horien uraren ordez kolore bizietako freskagarriak (egarri gehiago eragiten dutenak) edatera kondenatuta daudelarik.

Greba egin zuten eta idazmakinak, ordenagailuak eta –nostalgikoenak– boligrafoak mututu zituzten. Orain badirudi akordioa egon badagoela eta gauzak bere aurreko egoerara bueltatu dira.

Badira, ordea, grebarik gabe, atsedenik gabe urteak idazten eman dituzten beste batzuk. 50 urte asko edo gutxi diren belztutako folio-metak esan dezake. Zinemarako eta telebistarako idaztea «eleberriak idaztea baino errazagoa» omen delako eginda ere, uzta oparoa izan da Rafael Azconak bere soroan metatu duena. Isilean, iskanbilarik gabe bizi eta lan egin zuena isilean joan da. Pizkunde Igandean hil zen, ironia bilatuko balu bezalaxe, ezagutu zutenek aipatu izan duten bezalaxe. Umila eta apala izan zen bere bizitza osoan. Hain zen horrela, non jendeak urte askoz haren izena kondaira hutsa zela pentsatzen baitzuen. Elkarrizketarik ez, argazkirik ez. Inon ez zen agertzen Azcona jauna, kredituetatik kanpo. Zurrumurruek zioten ez zela halakorik, Berlanga eta Bardem zuzendari gazte batzuek sortutako alter egoa zela, eta horregatik ez zuela agerraldi publikorik egiten. Baina egia da izan zela Rafael Azcona bat. Pena, bakarra izatea.

Marco Ferreri italiarrak eskatuta hasi zen zineman, pantailarako El Pisito eleberria egokituz. Gustua hartu zion eta bertan jarraitu zuen luze. Hain luze, ezen bere azken gidoia hil aurretik bukatu zuen, José Luis Cuerdarentzat. Harentzat La lengua de las Mariposas egin ondoren, Los girasoles ciegos bere azken lana burutzeko beta izan du, azken folio sorta hitzez aberastuz.


Metatuta utzi ditu Espainian eta –zergatik ez?– Europan idatzi izan diren gidoirik borobilenetako batzuk: El pisito, El cochecito, Plácido, El verdugo, La grande bouffe, Peppermint frappé… Bertan erakusten zuen gizartearen erradiografiarik gordinena, betiere bere ikuspegi ironiko eta maltzurretik, eta aldi berean jainkoek beren izakiak ikusten dituzten goxotasun malenkoniatsu horrekin. 

«Nirea ez da umore beltza. Errealitatea horrelakoa da» esana utzi zuen xumetasunez. Errealitatea horrelakoa izanda egin zuen eran erakustea, hori da, bai, metara iristea.

Nabarra aldizkarirako idatzitako artikulua da hau.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code