2012/06/06

Boteprontoan egindako inventariuma


Ricken haserrea ditxosozko abestia entzutean. Ilsa Laszloren begirada Rick ikustean. Tximino itxura duen gizon bat hezur bat zerura bota eta espaziontzi bihurtzen denean. Arrosa gorri bat Gene Kellyren eskuetan. Basotik Snow Whiteren gazteluko dorreko leihora eguzkipean doan zoom koloretsua. Kaletik Xanaduko dorreko leihora euri artean doan zoom iluna. Innisfree herriaren barna bikote hasi berriak mozkorrak lagunduta ematen duten paseoa. Woody Allenen baldarkeria (bere betaurrekoak ez aipatzeagatik). Leolok komuneko leihotik zirikatzen duen aitonaren bainua. Jatetxe italiarreko biltegian Amapolaren musikarekin neskatxaren dantza, begi gazte pare bat so duela jakinik. Plastikozko poltsak, musikarik gabe, haizearekin egiten duen dantza naturala. Abiadura handitzeko txikitzen den trena. Kale Nagusian (bakarrean) gertatutako tiroketak. Zibilizazioaren etorrerak suntsitzen duen izenik gabeko hiria. Hortzez betetako Lancasterren algarak. Euliek trenaren zain dauden gaizkileak izorratzen dituzten itxaronaldi amaigabea. Charles Foster Kaneren biboteak babesten dituen ezpainen azken hasperena. Zuhaitz baten gainean Tarzanek Jane goxoki esnatzen duenean. Maria de Medeirosen begirada nekatua. «Luke… Neu naiz zure aita» esaldi borobila. Botadun katuaren begi gezurtiak. Atlantaren sutea. Erlojuak hiltzen duen nazi iheslaria. Nazi izateaz gain, korrikalaria torturatzen duen dentista ileurdina. Kondenatuak eta borreroak gurutzatzen duten patio isila. John Malkovichek (berak jakin gabe) hasten duen titiritero bizimodu berria. Doris Day eta Rock Hudsonen arteko telefono deiak. Grouchoren hitz jarioa. Buster Keatonen hitz (eta keinu) eza. Lubitschen arrazoiak. Hiltzailearen eta amorantearen dantza isila, aurikularren musikaren doinupean. Henry Juniorren zigorra eta kapela. Zuri-beltzean ere urdinak diren Paul Newmanen begiak. Espainian herriz herri doan aktore kaxkar taldea. Monsieur Huloten pipa eta galtzerdi marradunak. Shakespearek Japonian inoiz kokatu ez zuen istorioa. Lehenengo lapurreta luze eta isil hura. Pailazoen hutsik gabeko lapurreta. Gezurra gezurraren gainetik emandako kolpea. Gaiztoa den ez dakien ume batek arrantzan erabilitako amuzkia turista ingelesari estaltzen dionean. Cary Granten zimurrik gabeko trajeak. Biolin urratuek girotutako dutxa odoltsua. Sofiaren edertasun domestiko eta arrunt hura. Monument Valley. Hannibalen gosea. Parisko edozein leihotatik ikusten den burdinazko dorrea. Deabruaren betaurreko ilunak eta txakurra. Tarzanen orroa. Zaharra zuhaitz gainean, moja txikitxoa zuhaitzpean. Saul Bassen kredituak. Hondartzan harea eta olatu artean eternaleko musu itoak. Espazioko lasterketan, abiadura lerrora hurbiltzen diren aukeratuak. Strangelove doktorearen gurpildun aulkia. Gupidarik gabeko 12 bihotz. Handik milaka kilometrora salto egiten duen cowboy eroa. Kostaldeko palmerak napalmez erretzen dituen beste cowboy eroa. Euripean egindako dantza. Amodioa eta Gorrotoa predikatzailearen eskuetan tatuaturik. Titotik Fridara egindako bide irudimentsua. Amodioa eta Gorrotoa Radio Rahimen eskuetan tatuaturik. Eguberrietako saskia Placidoren familiari kentzen diotenean. Roxanne tango bihurtuta. Paradisuan biltzen diren zeluloidezko musu bahituak. Ikusezina bilakatzen den amorante isila. Nanni Morettiren Vespa. Gaitzaren mugaren gainetik hegan doan travelling luzea. Soka batekin hildako lagunaren atzetik luzeagoa den kameraren paseoa. Pikoletoen haserrerako kontrako bidetik agertzen den eguzkia. Ile-apaintzaile gaztearen eta idazle zaharraren arteko borroka zikina. Beroak itotzear dauden ehiztari ilunak. Virgen del Carmen izeneko espaziontzia. Dutxa eta bainua bizimodu perfektutzat duen auzoa. Macbethen gazteluko harresi hezeak. Eurian malkoak bezalaxe memorian galtzen den gainontzeko guztia.

Artikulu hau Nabarra aldizkarirako idatzi nuen.
Motz geratu zitzaidan.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code