2013/04/10

San Fermin 2013: Kartelak


Aurten ere, hemen ditugu Sanferminak iragartzeko aurkeztu diren kartelen artean 8 finalista. Iaz baino kolore gutxiagorekin, lehen kolpean ikus daiteken bezala. Joan den urteko proposamenen artean nabaria zen kolore aniztasuna. Aurtengo zortzikote honen artean, aldiz, betiko zuria, gorria eta beltza nagusitzen dira.

Hiru edo lau proposamen ditugu zezenekin. Bat edo bi santuaren irudiarekin. Jendea beste pare batean agertzen da eta beste bi adibide ditugu parametro hauetatik kanpo.

Hizkuntzaren aldetik, bistan da egile askok ez duela bereganatzen oinarrietan testua elebiz agertzearen araua. Behin honekin beteta, testuak agertzekotan bakarrik gazteleraz jartzea erabaki du baten batek. Esan daiteke euskara legeak behartzen duen neurrian agertzen dela, besterik gabe. Kartelak izendatzeko orduan ere, gazteleraz daude gehienak, salbuespena ingelesez izanda. Canan ez dakit zer den (norbaitek pistarik ematen badit, estimaturik), eta Naif asimilatutako hitzatzat hartuko dut.

1. Locos por la fiesta. Zezen baten irudi klasikoa, beltza zuriaren gainean. Erabat simetrikoa. Hizkiak gorriak agertzen dira, kolore hirukotea osatzeko. Rorschachen mantxak jarritako izenburuarekin harreman zuzena dute, eta pentsatzen dut festaren eromena irudikatu nahi duela. Bere klasikotasunean punturen bat izan dezake. Niri ez zait gehiegi gustatu.

 
2. Santo. Oso klasikoa, oso Botero, baina Iruñean funtzionatu dezakeena. Gure herritarrei asko gustatzen zaizkie holakoak. Nabarmentzekoa da horrelako ilustrazioak ez direla gehiegi ikusten. Nik oso gustuko ditut, nahiz eta ulertu ordenagailuaren bitartez eginikoak askoz ere tentagarriagoak direla egilearentzat, erosotasunagatik. Santuaren aurpegia ez da oso gai berria, eta ez da oso alaia eta animatua izango festa batzuk irudikatzeko, baina ezin zuzenagoa da Sanferminak nolabait irudikatzeko. Gorriz tintatu dio egileak aurpegia eta itzal ilunekin eta hizki zuriekin ederki osatzen du kolore hirukote magikoa. Puntuak baditu, nire ustez.


3. Momentos de San Fermin. Oso ausarta. Sinple-sinplea. Hala ere, jendeak alperkeritzat jo dezakeelakoan nago. Errazegia da. Betiko koloreak erabiltzen ditu, eta kontra ikusten diot inork eskatu gabe gehitutako leloa. Batetik, gazteleraz dago. Bestetik, chupinazo hitza arrotza gerta dakioke erdaldun askori ere, txupinazoren ordez. Eta leloa beraren esanahia inozoegia egiten zait. Naif izena duena baino naifago egiten zait hau. Besarkadak musutruk kanpaina haiek ekartzen dizkit gogora eta ez Iruñeko festak. Interneten asko hedatzen ari den estilo baten adierazle da, baina ez dizkiot aukera gehiegi ikusten.

4. Check-in. Azkenaldi honetan horrelakoak gero eta gehiago ikusten ditugu. Nik Bilboko Aste Nagusiaren kartelekin akordatzen naiz. Ez dakit zehazki zergatik, baina Bilbon badago jaietako kartelen irudiaren inguruko beste ikuspegi bat. Askoz ere ludikoagoa, estetikoki landua ere eta beste bizi-poza bat duena. Niri gustatu zait, sikiera betiko estereotipoetaz aldentzen delako. Betiko koloreak erakusten ditu, baina urdinaren agerpenak oso ongi disimulatzen du eta itxura desberdina ematen dio. Hizkuntzen hierarkia bat planteatzen du euskararen kalterako, baina horrek ez nau harritzen, tamalez. Gure aireportuaren gaia alde batera utzita, aukerak ikusten dizkiot hainbaten kosmopaletismoa orekatzeko nolabaiteko kosmopolitismoa irudikatu dezakeelako.

5. Canan. Gorria, beltza eta zuria berriz ere. Iruñeko planotik abiatuta, zezen beltz bat erakusten digu egileak. Askori gustatu ahal zaio ideia, beste askori ez. Ideia ez da batere originala, baina lehiaketa honen finalisten artean berria egiten zait. Hala ere, hizkien tratamendua askoz hobea izan zitekeen. Asmoa badu, baina exkaxa egiten zait. Koloreen erabilera ere oso iluna egiten zait, eta nahiko zikin ikusten dut azken emaitza. Korapilatsuegia. Ez dut egokia ikusten, ez kartelaren helbururako, ez jendearen bozkak bereganatzeko.

6. Muelle de pinza. Oso fina ikusten dut. Chema Madoz ekarri dit gogora, pintzaren itzalaren bilakaera ikusita. Artistikoegia agian jai giroa irudikatzeko, baina ongi batzen ditu santua eta zezena. Adarrak goitik, eta santuaren osotasuna izan daitekeena itzalarekin batera. Hau ere oso bilbotarra egiten zait. Gustatzen zait, baina jendeak esan beharko du.

7. Naif. 8 hauen artean pobreena. Pentsa daiteke lerrotxo hauen metaketa horrek jaiaren nahaspila eta mugimendua isla dezakeela, baina ez diot zentzu asko ikusten. Mikel Urmenetaren itzala luzea da eta badirudi jende askok hortik jo nahi duela gehiegi gerturatu gabe. Ariketa arriskutsua da hori eta kasu honen emaitza ez zait balekoa iruditzen.

8. Ñam. Hau da niri gehien gustatu zaidana. Orain nahi duzuena esan. […] Tira ba: finean, oso zintzoa iruditu zait gorriaren erabilera. Publikoak gorria eskatzen badu, zertarako disimuloan ibili? Eskola zaharreko kartela ikusten dut bertan. Oso alemaniarra, oso eskematikoa, oso zuzena. Ez dut mokau hori oso ongi ulertzen, baina ongi geratzen zaio. Honek ez du irabaziko, baina zorionak egileari horrelako zerbait aurkezten ausartzeagatik. Finalera iritsi da eta ez da gutxi.

Aurten, beraz, ez dut argi ikusten zein izan daitekeen irabazlea. Iruñean erroldatuta egonez gero, zure gogokoenaren aldeko bozka hemen eman dezakezu. Zuek nola ikusten duzue? Iruzkinetan sor daiteke eztabaida. Debalde, gainera.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code