Harritzen nau nola kartelei egiten diedan errepaso honek bere tokia hartzen duen. Baina tira, hiri honetan bi urtez egiten den edozein gauza betiko tradizioa bilakatzen da. Beraz, hirugarren urtez begirada bat emango diet San Fermin 2014 jaiak iragartzeko lehian dauden azken finalistei. Ez dut inoiz asmatu ez nire begikoekin, ezta herriak aukeratu dezakenarekin ere. Halere, zorionak finalistei.
Ohitura ere den bezala, zuria, gorria eta beltza koloreak nagusitu dira berriz. Ñabarduraren bat ere bada. Beti bezala ere, zezenak (8tik 7) eta santua (8tik 3). Berriak dira Nafarroako kateak (8tik 3). Festari erreferentzia gutxi eta jendeari ere exkaxa. Aurten ere, azken otxote honek polemika piztuko du estiloa dela, gaia dela eta batez ere, urtetik urtera betiko leloa dugulako, ñabardura ñimiñoenak albo batera utzita.
"Kartelak horman oihua izan behar du" mantra edota axioma buruan, banan banan ikusiko ditugu.
Ohitura ere den bezala, zuria, gorria eta beltza koloreak nagusitu dira berriz. Ñabarduraren bat ere bada. Beti bezala ere, zezenak (8tik 7) eta santua (8tik 3). Berriak dira Nafarroako kateak (8tik 3). Festari erreferentzia gutxi eta jendeari ere exkaxa. Aurten ere, azken otxote honek polemika piztuko du estiloa dela, gaia dela eta batez ere, urtetik urtera betiko leloa dugulako, ñabardura ñimiñoenak albo batera utzita.
"Kartelak horman oihua izan behar du" mantra edota axioma buruan, banan banan ikusiko ditugu.
1. 7+7=14. Erabat eskuz eginda, pintzel askearen freskotasunarekin. Hiru koloreak, idatzi gabeko arauak agintzen duen moduan. Kaligrafia gustatzen zait, batez ere beheko testuari dagokionean. Ideia ere ez zait gaizki iruditzen, baina exkaxa egiten zait. Diseinurako asmoa ikusten zaio baina ez da nahikoa sanferminetako kartel batentzat. Oihu gutxi. Iruindarrek merezi ez duen mespretxu batez ikusi ahal dute.
2. San. Gorria nagusi, harrigarria da zuria ez erabiltzea. Aupa zu! Ez dakit laranja horrek arearen antzaz zezen plaza bilatzen ote duen. Eguzkia ere izan daiteke, edo berotasuna eman nahi dion zerbait. Konbinazio polita da. SAN horrek ere badu bere grazia, A letrari buelta emanez zezena irudikatzeko. Tipografikoki kezkatzen nau hitzak horren txiki agertzeak. Egileak beste hiru letra horiek nabarmentzeko egingo zuen, noski. Nahiko oihukatzen du. Jendearen gustukoa ere izan daiteke.
3. Rey de Sanfermines. Badu bere txispa. Barajaren ikur berria asmatu du, zapiarekin. Tipografiak ez nau behar bezala asetzen, baina osotasunean grazia badu. Ongi begiratuz gero, elementu ugari agertzen dira, oso ongi txertatuak. 6aren aldean txupinazoa ikus dezakegu, eskuan eusten duen suziriarekin. Entzierroa eta Erraldoien eta Buruhaundien Konpartsa ere, jantziaren mosaikoan zehar barreiatuta. Baita beheko aldean ere, 14arenean, non eskuan ikusten ahal zaion Gaixoa ni kantatzeko kandelatxo bat. Santua ere suma daiteke erdi-erdian. Osagarri guztiak hor daude, nahi duenak bilatu eta ikus ditzan. Diskretuak eta zalapartarik egin gabe. Hau da ere finalisten artean Nafarroako kateak erakusten duen lehena. Geroago ere ikusiko dugu, festa hauen nortasuna eta sona Nafarroa osoari zabaltzeko asmoa balitz bezala. Oihu galanta. Nire gogokoenetako bat, erabat asetu gabe bada ere. Baliteke bozkatzeko garaian jendeak gustura hartzea ere.
4. Equipazo. Eman du eztabaidarako. Kolorea onartu behar zaio. Ausarta da oraindik ere eta hori atsegin dut. Tipografikoki oso kontserbatzailea. Ez du ezer apurtu nahi. Aurrekoak bezala hainbat ezaugarri bildu nahi ditu santuaren irudiaren inguruan. Emakume bat ere erakusten du (ez da ohikoa), gaitariak laguntzen dituen danborrarekin. Caravinagre ohiko irudia da jada, zezena ia derrigorrezkoa, Hemingway irudi historikoa eta nazioartekotasuna aldarrikatzeko balio duena eta José Padilla toreroa, gaurkotasun hurbileko aipamena. Idazleak zezenaren adarrari eusten dio eta horrek zeresanik ere ekarri du. Entzierroaren araudiaz barre eginez eta norberaren sena ere zapuztuz, ez dirudi erakunde ofizialetatik zabaldu daitekeen mezurik egokiena. Irabazten badu, seguruenik hori aldatuko da. Honetan ere, aurrekoan bezala, kateak agertzen dira santuaren zapian. Nafarroako Gobernuaren logoaren irudiarekin, han zuzen. Orokorrean, jende askoren gustuko izateko asmoarekin egindako kartela da, irudi eta keinu atseginekin, baina erabat osatu gabea. Oihua bada, baina belarriari oso arraro egiten zaion oihua. Hala ere, baditu jendearen gustuko izateko osagaiak. Bozka dexente bildu dezake.
5. Pañoleta y asta. Diseinuzko kartela. Erabat tipografikoa, hiru koloretan berriz ere, oso atsegina, dotorea baina festarik gabekoa. Asko gustatzen zait konposizioa, baina ez dut sanferminetako kartel bezala ikusten. Ihardunaldi batzuetarako, hitzaldi baterako, bai. Sentitzen dut, baina estatikoegia, orakatuegia egiten zait. Ez du behar bezala oihukatzen, nire ustez, oso asmo onekoa izanda. Iruindarkeriak merezi gabe txikitu dezakeena.
6. Déjate atrapar. Hiru koloreduna hau ere. Beltzak urdinera jotzen badu ere (behintzat ikusi ditudan irudietan). 6 zezen 6 kartelean gora korrika, haien aztarnak atzean utzirik. Tipografia zuzena da eta konposizioa ere oso indartsua, bizia. Sentsazio kartel ona da, irudiena baino. Baina, urtero gertatzen den moduan –aurten ere– kartel askorekin, Feria del Toro delakoaren iragarle ere izan zitekeen. Gustatzen zait, baina zerbait falta zait ikusterakoan. Oihu asko egiten du, baina oihuaren edukiak ez nau behar bezala konbentzitzen. Ikuslegoarei agian gustatu ahal zaio. Edo ez. Eztabaidarako kartel tipikoa.
7. Afilado. Niretzat aurtengo harrigarriena. Ohiko koloreak. Kartel moduan, nahikotxo gustatzen zait. Egitura, osagaiak, lehen kolpea… Bizarra egiteko labanek arriskua adierazi nahi dutela uste dut, bestela ez dut ulertzen zer esan nahi duten. Diseinuzko beste kartel bat. Oso fina, oso dotorea baina, 5.ren antzera, ez nau asetzen. Ulertzen ez dudan zerbait oihukatzen du eta ez dut uste herritarrek babestuko dutenik.
8. Con mucho amor. Zezen puska alaitasunez marraztua. Betiko hiru koloreak eta hau ere ezaugarri desberdin batu nahian. Asko gustatzen zait marrazkia, estiloa, izpiritua. Pertsonalki aspertuta nago zezena nagusitzen duten kartelekin, baina aldi berean ulergarria da. Jendearen eta epaimahaikideen lana litzateke begirada berriak bilatzea eta eskeintzea bide estu hauetatik ateratzeko. Zezenera itzuliz, marraztua dagoen era atsegin dut baina soberan ikusten ditut hala-nola sartutako beste osagarri horiek. Santua azpian eta hiriaren armarria mutur gainean soberan daudela uste dut. Zapian ere Nafarroako kateak (zer gertatu da aurten?) jarri ditu egileak. Tipografikoki oso ongi konponduta dago, kaligrafia marrazkian txertaturik. Ohiu ederra botatzen duen kartela da eta, nire ustez, gehien afinatzen duena. Nire beste gogokoena da, beti ere fanatismorik gabe. Ez dakit ikuslegoak zer esango duen.
Eta horrela dago kontua. Amorru pittin bat ematen dit bi gogoko izan eta biak zezendunak izatea. Edonola ere, bozkatzen duzuenok duzue azken hitza. Bozkatzeko gai diren lagun gehien dituenak ere aukera gehiago ditu, horrelakoa da sareko demokrazia. Kontuan izateko irizpidea da ere, baina ezin neurtu une honetan. Aurreko urteetan bezalaxe, zuen iritziak iruzkinetan uzteko gonbidapena luzatzen dizuet.
Eta horrela dago kontua. Amorru pittin bat ematen dit bi gogoko izan eta biak zezendunak izatea. Edonola ere, bozkatzen duzuenok duzue azken hitza. Bozkatzeko gai diren lagun gehien dituenak ere aukera gehiago ditu, horrelakoa da sareko demokrazia. Kontuan izateko irizpidea da ere, baina ezin neurtu une honetan. Aurreko urteetan bezalaxe, zuen iritziak iruzkinetan uzteko gonbidapena luzatzen dizuet.
Iruzkinak. Bota hemen zurea:
Egia da, zezenekin pasatzen dira. Urtero kartelak nahiko berdinak iruditzen zaizkit, eta ikusita duela urte askotakoak, ''minimalistegi'' iruditzen zaizkit. Niri ere bigarrenaren detaileak gustatu zaizkit, baina zezena berriz...
ErantzunEzabatuZiur nago urtero badagoela eskema horretatik ateratzen den bat baino gehiago. Horregatik uste dut hautaketa egiten dutenen ardura dela hortik aldentzea nolabait. Baina bistan da bide hori hartzeko balizko "diseinura" edo minimalismora jotzen dutela, alternatiba balitz bezala. Eta horrek ez ditu inoiz jendearen nahiak asetzen.
Ezabatu