2015/04/15

San Fermin 2015: Kartel finalistak


Gaur 2015eko Sanferminak iragarriko duen kartela aukeratzeko 8 finalistak ezagutzera eman dituzte. Hori dela eta, irribarrea ahoan egingo dut nire buruarentzat tradizioa bihurtu dudan azterketa azkarra, 8 egile hauentzat traizioa izateko asmorik gabe.

Izugarrizko kolore purrustada ez bada ere, pozten nau nola poliki-poliki sartzen diren zuria, gorria eta beltzaren ondoan beste tonu batzuk. Aldi berean, entzierroaz eta zezenaz gain (aurten finalisten erdian agertzen dira), beste irudi batzuk tokia egitea lortu dute: Konpartsako ikurrak 4 bider ikus ditzakegu, santuaren irudia pare batean eta txupinazoa bakarrean aurten. Azken urteetan baino gehiago, jendeak bere tokia ere hartzen du entzierroetatik at. Ea banan-banan nolakoak diren.



1. La despedida de los gigantes. Aspaldiko partez, erraldoien konpartsa osoa daukagu protagonista. Goitik ikusita eta jirabiran ari diren bitartean sortzen dituzten biribilen abstrakzioa. Iruindarrontzat erakargarria izan daiteke, ziur. Aldi berean, festa hauen nazioartekotasuna aintzat hartuta, askok pentsatuko dute horrek ez dituela sanferminak behar bezala irudikatzen (zerk eta erraldoien konpartsak, mundua irudikatzeko sortu zena). Estetikoki gustatzen zait, baina apur bat motz geratu ere. Akaso tipografikoki landu gabe iruditzen zaidalako? Hala ere, ausardia onartu behar zaio. Kolore berriak ekarri ditu imajinariora eta ikuspegi familiarrago bat. Ez dut uste irabazkiko duenik, baina goiko postuetan egon daiteke.


2. San Fermin Pamplona Lovers. Diseinuzko kartela ingelesezko izenburuarekin. Urtero horrelako bat sartzen da finalisten artean, eta oraindik ez dut ulertzen aukeraketa hauen logika. Ildo honetakoen antzera, irudi zentral bat aurkezten du –santua, kasu honetan– baina bere eskolakoen modura, kartela baino logotipoa dirudi. Diamante antza hartzen diot oso egitura klasiko –koloreen erabilera barne– eta simetrikoa duen honi. Ez nau behar bezala asetzen eta ez dut uste ibilbide luzerik izango duenik. Bitxia da, hala ere, nola uztartzen dituen santuaren ikonoa eta Iruñeko gotorlekuaren egitura, baluarteetako bat mitra bihurtuz. Akaso hortik datorkio izenburua. Honek urteroko kritika errazei bidea emango die. Sinpletasuna ez da beti ongi ulertzen.


3. Kilikón. Aurtengo piktorikoa. Azpisail honek urtero dauka ordezkariren bat, eta bere publikoa ere bozkatzerakoan. Ez dakit proportzioak zaindu gabe dauden, perspektibak huts egiten duen edo –pentsatzekoa da– bilatzen duen efektua ikusten dugun hau den. Konposizioaz aparte, gustatzen zait botereari irri egiteko duen irakurketagatik. Badakit kilikien izaeran dagoen zerbait dela, baina kartel batean horren agerian ikusteak grazia egin dit. Caravinagre eskerroneko ikonoa da egileentzat eta hiritarrontzat. Honek hainbat bozka ekarri ahal dizkio, baina ez dut uste horiekin nahikoa izango duenik.


4 Ciudad abierta / Hiria zabalik. Beste kartel sinple bat, sinplea ezer txarra izan gabe; oso naïf egituran, koloreen hautaketan eta bere fakturan. Baina honen sinpletasunak nortasuna badu. Sinpatikoa gerta daiteke hainbat jenderentzat. Tipografia oso ongi lotzen du irudiarekin, baina adar-besoetan bilatzen duen joko grafiko horri arrisku bat ikusten diot: oreina ezin dut bistatik kendu eta horrek efektu txarra eragiten dit. Ez dakit beste inori ere gertatuko zaion. Artifiziorik gabeko kartela da. Ohartxo bat. Izenburua euskaratzeko detailea izan du, izenburua tramite hutsa bada ere.


5. Urdin gorri. Honen konposizioa eta trazoa asko gustatu zait. Estilo retro hau beti izan dut gustuko eta betiko koloreekin jokatzeaz gain, laugarren kolore bat gehitu dio egileak. Bereziki sanfermineroa ez den kolore bat, gainera. Urdinak nortasun berezi bat ematen dio. Tipografikoki ere oso koherentea da marrazkiarekin eta eromena eta kaosa ongi isladatzen dituela iruditzen zait. Jendea, zezenak eta kilikiak nahasten ditu eta emaitza oso orekatua iruditzen zait, bere nahasmen horretan. Nire gogokoena da. Zuzena, ausardia punttu batekin (pasatu gabe), freskoa, animatua eta dibertigarria. Fotokopiadora batekin egindakoa ematen du eta horrek ere oso kutsu underground goxoa ematen dio. Aurrekoarekin lotutako oharra: Izenburu euskaldun elebakarra duen kartela.


6. 8 días de rojo y blanco. Kartel itzela iruditzen zait. Den-dena bere tokian ikusten dut, eta gris hori ere oso era finean sartu duela uste dut, betiko hirukoarekin uztartzeko. Emakumeek ere presentzia dute kartel honetan, ohikoa ez den bezala. Amorrua ematen dit gai klasiko eta errepikakorra erabiltzea, baina hori da festa hauetan daukaguna. Zaila da horri ihes egitea, baina ikusten ari garenez ez da ezinezkoa. Kartelari bueltatuz, zurrunbiloa oso ongi antolatuta ikusten dut, baina ez da faltako hori bere ilobak egiten duela esaten duenaren marmarra. Txukuna, baina oso ohikoa izan daitekeena.


7. Mogollón. Kartela. Kartel lehiaketa bada, hau da nire ustez bere osotasunean kartela dena. Irudi nagusia eta informazioa biltzen duen borobil parea ezin hobeki uztartu ditu egileak. Besteek ez bezala, lasai asko begiratzeko gonbidapena egiten duen bakarra. Arreta deitzeaz gain, ñabardura guztietan murgiltzeko aitzakia ematen digu eta bada zer irakurri istorio txikiz jositako irudi honetan. Publiko guztiak bildu ditzake kartelaren inguruan, kartelaren baitan biltzen saiatu den bezala. Ez da festa –bere esanahi zabalenean– irudikatzen duen kartela, baina bai jende andana biltzen duen ekitaldi nagusietako bat jasotzen duena. Horren izaera erlijiosoak botoak kendu ahal dizkio segun eta ze jenderen artean, baina Iruñean, Sevillan bezala, debozioak gutxien espero duzun tokietan agertzen ahal dira. Agian horregatik gustatzen zait ere koloreen erabilera, osotasunari sepia antza duen ukitu bat ematen diolako. Gaiak ez asetu arren, gehien gustatzen zaidan kartela da. Marrazkia eder asko iruditzen zait, estilo atseginez egindakoa eta oso jatorra. 5.aren ondoren nire beste gogokoena.


8. Estallido y recompensa. Izenburua ez dut ulertzen: Leherketa bai, baina ez saria. Buztana da saria? Izenburu administratibo batek kutsatu eta nahastu gabe, esango dut hau dela gutxien bete nauen kartela. Kartel moduan, beti ere. Bai, txupinazoa eta zezena. Bai, baina… Eta onartu behar dut konposizioa ongi ikusten dudala. Oso dinamikoa, elementuen kokapena oso ongi aztertua, tipografien erabilera… Pega gutxi ikusten dizkiot, baina bada zerbait bere osotasunean ez nauena konbentzitzen. Akaso osagaien eta koloreen hautaketa ezagunegia egiten zaidalako.

Eta honaino aurtengoa. Berdin dio nik esandakoa, inoiz ez dut asmatzen eta aurten ez naiz horretan sartuko. Izan ere, bozka ematen dutenek dute azken hitza. Seguruenik, onartu behar dut ere, bihar idatziko banu gaur botatako purrustada hau agian beste zerbait zeharo desberdina esango nuke. Ez dugu inoiz jakingo hori. Bai eskertuko nituzke, ordea, zuen iritziak iruzkin moduan jasotzea.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkin bat

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code