2016/04/06

San Fermin 2016: Kartel finalistak


Atzo 2016ko Sanferminak iragartzeko kartelaren deialdiko 8 finalistak ezagutzera eman zituzten. Aurten ohikoa denez baino egun bat beranduago nator abandonaturik dudan blog honetara (horrek beste azalpen bat mereziko luke baina ez da orain momentua) nire urterokoa botatzera hautaketa honen inguruan.

Zuri-gorria da goiko muntaketan nagusitzen den konbinazioa. Nolako hautagaiak egon diren jakin gabe, agerikoa da berriro ere klasikoetara goazela kromatikoki. Oro har, déjà vu sentsazioa datorkit, eta arrazoi desberdinengatik: gaiak, teknikak, trataerak, konposaketak… Kartelen erdian zezenak agertzen dira. Santua, pare batean, eta konpartsa beste batean. Txupinazoa bakarrean eta bada beste bat osagai guztiak eta gehiago biltzen dituena. Bonus track gisa bada irudirik erabiltzen ez duen bat, soilik hitzekin eta hizkiekin jolasteko.

1. Zezena. Diseinatzaile baten kartela. Ohiko gai bat lantzen du, baina oso txukun egin du egileak. Orekatua, konpentsatua eta tipografikoki zaindua. Akaso ahalik eta garbien egin nahi horrek indar apur bat kendu dio. Hotz xamarra geratzen zait. Zezenaren irudia asko gustatu zait, baina ez horrenbeste korrikalariena. Hala ere, aski ongi konbinatzen dute. Sasilogo ederra. Kartela, aldiz…

2. Txuribeltz. Urtero egon behar du xinpletasunaren aldarria egiten duen bat, jendearen haserrea sortuz. Aurten horrelako bi ditugu; hau lehenengoa. Zezen bat eta korrikalari bat. S eta F. Zezena, beltza; korrikalaria, zuriz jantzia. Atzean, gorria. Testuak ez dio toki gehiegi kentzen kartelean. Zertarako? Handiago egoteak ez lioke mesede gehiago egingo. Ongi dago dagoen moduan. Hala ere, joko Chillidar hauek (imajinatu eskultura gisa) ez didate gehiegi esaten, akaso saturazioagatik. Gehiegitan ikusi eta erabili izan ditugu. Oso konposizio duina eta fina iruditzen zait, baina ez nioke bozkarik emanen.

3. Los colores de la fiesta / Festaren koloreak. Santua irudikatzeko collage bat. Koloretsua da besteen ondoan, nahiz eta ohiko tonoak ageri. Akaso beltza faltan botatzen zuelako sartu du egileak beheko zinta horretan. Tipografikoki exkaxa egiten zait. Testuaren konposaketa ongi ikusten dut, baina irudiarekin uztartzean lortutako emaitzak ez nau asetzen. Bere bozkak izango ditu, teknikoki landua dagoelako, eta bestalde gaiak bere publikoa duelako.


4. Ama a tu madre. Berriz ere déjà vu sentsazio hori. Chillida, Oteiza edo Tàpies etorri zaizkit tropelean burura. Garai batean multikopistarekin egiten ziren kartel haien estiloa gogorarazten didalako-edo izango da. Irudirik ez, hizkiak soilik. Batzuk tipografikoak, besteak kaligrafikoak. Diseinatzaileak hitz joko bat egin du bertan botatako mezuarekin. Batetik, Ama / Maitatu gomendio elebiduna botatzen digu; baina izenburua jartzerakoan euskarazko Ama maitatu itzuli du Ama a tu madre esateko. Hitz joko polita iruditu zait mezu positiboak uztartzeko. Hortik aparte, ez diot kartel itxura ikusten. Performatiboa edo ariketa kontzpetuala, besterik gabe (agian hori ere ez da gutxi). Ez diot ibilbide luzerik ikusten.

5. Reinas. Honi aukerak ikusten dizkiot. Tipografikoki gehiegi landu gabe badago ere, irudia oso potentea da. Lau emakume erakusten dizkigu, elkarren arteko konplizitate keinu polit batekin. Kolorearen trataera ere polita da, sinpletasunaren bila, baina oso ongi aukeratutako tonuekin. Sinpatiak sor ditzake ikuslegoan nigan sortu dituen bezala. Irudiak balore asko islatzen ditu: Emakumeak dira, irribartsu daude, festetako ikur nagusietako bat dira, mundu zabalaren irudikapen ikonikoa hirian… Oso positiboa.

6. Pañoletas. Txupinazoaren aurretiko azken minutua irudikatu dezakeen kartela. Epaimahaiak zioenez aurkezpenean, berdintasuna islatzen omen du. Berdintasuna ala homogenitate gisako zera bat, esango nuke. Estanpatuaren patroia osatuz, indarra galtzen duela deritzot. Finean, ordenetik eta lerroetatik at dagoen ideiaz ari gara sanferminak aipatzerakoan. Diseinatzaileak lanbide honen eskola klasikoetara jo du grafikoki, baina ez dut oso egokia ikusten. Tipografiaren erabilerak ere krak egiten dit. Ez dut uste bozka asko lortuko duenik.

7. Sanmarrazkin. Oso sanfermineroa. Nahaste-borraste hutsa, bere horretan gehiegi konplikatu gabe. Umeen presentzia dakarkigu marrazkien bidez, eta nazioarteko ikuspegia ere txertatutako testuen bitartez. Marrazkien erabilera egokia ikusten badut ere, artean dauden testutxoak nola sartu dituen ez nau batere konbentzitzen. Eskua falta izan zaiola uste dut. Hala ere, oso ebokatzailea iruditzen zait. Tabernetako komunen ateen antzera, adierazpen mugagabea biltzen duten horien modura. Tipografia aldetik ere egokia ikusten dut, hizki nagusiekin autoerreferentziala izanik. Oso alaia, oso sinpatikoa, eta jendeak lasai asko esan dezake ume batek egina dirudiela. Niri gustatu zait.

8. Recorrido San Fermín. Gutxien gustatu zaidana (bati tokatu behar). Beste irudi bat osatzeko horrelako kontzeptuen uztarketa beti ezagutu dugu, baina aurtengoa oso fortzatua iruditu zait. Gauzak gehiegi azaltzen ditu. Agian, irudimenari zertxobait gehiago utzi izan balio emaitza bestelakoa litzateke. Ez dakit. Entzierroa, santua, zezen plaza… Figuratiboegiak dira, sotilagoa izan beharko luke nire gusturako. Beste batzuen antzera, hotza ikusten dut eta tipografikoki zerbait falta zaio, edo soberan dauka. Hala ere, elementu hauek puntuak emango dizkiote. Ikusi behar.

Eta honaino aurtengoa. Orain jendeak bozkatuko du. Egile bakoitzaren lagunen eta senideen arabera ere emaitza alde batera edo bestera joan daitekeela ahaztu gabe. Bestela ere, gogoratu iritzi hauekin ez dudala sekula santan ezer asmatu. Nire apustu garbia irabazle gisa, hala ere, 5.a da, Erreginena. Eskertuko nituzke, beti bezala, zuen iritziak iruzkin moduan jasotzea.


Iruzkinak. Bota hemen zurea:

0 iruzkin. Gehitu zurea:

Argitaratu iruzkina

Blog hau DoFollow eskolakoa da. Komentatzen ez duzun bakoitzean, Anne Geddesek beste nini bat betirako traumatizatzen du.

Éste es un blog DoFollow. Cada vez que no comentas, Anne Geddes traumatiza de por vida a otro bebito.

Copyleft - Exprairen edukinen lizentzia

Creative Commons-en baimena Webgune honen edukina, beste izen batez sinatuta agertzen ez bada, honako lizentziaren pean aurkitzen da: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 3.0 Unported License. >>>>> El contenido de este blog, salvo los casos en que se reconozca otra autoría, se encuentra publicado bajo la siguiente licencia de Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 Unported.
HostGator promo code